Sumerrera[1] (sumerreraz: 𒅴𒂠, EME.ĜIR15, "bertako hizkuntza") antzinako Sumerko hizkuntza izan zen, hizkuntza idatzietan antzinakoena. Hizkuntza galdua zen, XIX. mendean asiriologoek idazkera kuneiformea deszifratu zuten arte.
Historia
Gutxienez K.a. IV. milurtekotik aurrera hegoaldeko Mesopotamian mintzatzen zen. K.a. III. milurtekoan sumertarren eta akadiarren artean harreman kultural estuak sortu ziren, elebitasun zabala tartean[2]. Hori zela eta, sumerreraren eta akadieraren artean elkarrekiko eragin nabaria sortu zenː hizkuntzalariek biek sprachbund sortu zutela diote[2]. III. eta II. milurtekoetan zehar, basamortutik iritsitako herri semitikoek aginpidea eskuraturik, akadierak sumerrera ordezkatu zuen eguneroko bizitzan,[3] baina sumerrera oraindik hizkuntza sakratu, literario eta zientifiko gisa erabili zuten Mesopotamian I. mendera arte.
Garaiak
Sumerrera aldatuz joan zen denboraz eta, honen arabera, hiru garai bereizten dira:
- arkaikoa (K.a. 3100-2500), gaizki ezaguna oraino;
- klasikoa (K.a. 2500-2300);
- sumerrera berria (K.a. 2000. urtean amaitua).
Idazkiak
Idatzi den lehen hizkuntza ezaguna da, idazkera kuneiformeaz baliatuta. Sumerrerazko testu asko dago, eta era askotakoak, hala pragmatikoak (juridikoak, administratiboak, merkataritza alorrekoak, irakaskuntzakoak) nola erlijiozkoak zein literarioak (erritualak, aztikeriak, ereserkiak, mitoak, kantu epikoak, atsotitzak…).
Erreferentziak
Kanpo estekak