Erdi Aroaren amaieran, Suabiako ligak sortu ziren, garrantzi handia izan zutenak; hiri handienek aitoren semeen eta dukeen aginpidea murrizteko ligak eratu zituzten, baina habsburgotarrek beste noble talde bat antolatu zuten, eta borrokak izan ziren bi ligen artean.
1389an ligak antolatzea debekatu bazen ere, 1488an Suabiako ligarik garrantzitsuena, Suabiako Liga Handia, eratu zen, salerosketa eta Suabiako barrutien arteko bakea sustatzeko; gudarostea, epaitegia eta konstituzio berezia zituen.[2]