Simone Liberman

Simone Liberman
Bizitza
JaiotzaDonostia1923ko abuztuaren 28a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Talde etnikoaJuduak
HeriotzaAuschwitz1943ko abenduaren 17a (20 urte)
Jarduerak

Simona Francisca Lelouch Benaiche “Paquita”, gerora Simone Liberman (Donostia, 1923ko abuztuaren 28a - Auschwitz, 1943ko abenduaren 17a) judua izateagatik Auschwitzeko sarraski eremuan atxilotu eta erahildako emakume donostiarra.

Aurrekariak

1940ko abuztuaren 6tik 1945eko maiatzaren 6ra arte ehundaka euskaldun deportatu zituzten Alemaniako kontzentrazio-esparruetara.[1] Bi aldi bereiztu ohi dira: lehenengoan, 1940ko abuztutik 1942ko hasierara, 1939an Frantziako armadan sartzera behartu eta ondoren gerrako preso egin zituzten euskaldunak sartzen dira; bigarrrenean, 1942ko hasieratik 1945eko maiatzera arte, Frantziaren alemaniar okupazioaren aurka borrokatu ziren erresistenteak deportatu zituzten.[1] Paquitaren kasua salbuespena da, bigarren faseko deportatua izan zen, baina bere deportazioa judua izatearekin lotzen da, bera ez baitzen erresistentziako kide.[1] Emakume euskaldun gehienak Ravensbrückera bidali zituzten, ezagutzen denez, Paquita eta Higinia Goñi dira Auschwitzera bidali zituzten bakarrak.[1]

Bizitza

Donostiko Bengoetxea kaleko 4. zenbakian jaio zen.[2] George Messaoud Lelouch eta Berthe Benaiche izan zituen guraso, Aljeriako judu frantsesak.[2] Gurasoak larrugintzan aritzen zirenez seme-alabak moda mota hori ordaintzeko gai ziren inguruetan jaio ziren, besteak beste, Emma eta Yvonne izeneko alabak Biarritzen jaio ziren eta Paquita Donostin, non larrugintza negozio bat zuten, “CASA LELOUCH" izenekoa, Legazpi kaleko 9. zenbakia.[2] 1917an familia Donostin finkatu bazen ere, Parisera bidaiatzen ziren askotan, non negozioaren egoitza nagusia zuten Rue Rochambeau kaleko 6. zenbakian.[2] 30. hamarkadan familia Parisera mugitu zen.[2]

1940an, Frantzia eta Alemaniak armistizioa sinatu zutenean, Frantzia bi zatitan banatu zen, alde bat Petain-en esku geratu zen eta bestea nazien esku.[2] Lelouchtarrak Petainen aldean geratu ziren.[2] Hurrengo urtean, dekretu bat baliatuta Lelouchtarren jabetzak besterentzea onartu zen.[2]

1942ko martxoan Simona Francisca Lelouch sefardi judua zen Lazare Liberman-ekin ezkondu zen eta Simone Liberman izatera pasa zen.[2] Garai horretan juduen kontrako giroa gogortu zen eta Majestic Hotelera joan ziren senar-emazteak beste senide batzuekin batera.[2]

1943ko irailaren 22ko gauean sarekada bat egin zen luxuzko hoteletan eta atxilotuak deportatuak izan ziren.[2] Paquitaren amak atxiloketa saihestu zuen.[2] Atxilotuak Gestapok okupatutako beste hotel batzuetara eraman zituzten, besteak beste, juduak Excelsior Hotelera eraman zituzten, eta handik Drancy izeneko kontzentrazio esparrura.[2]

Drancyn Lazare eta Paquita senar-emazteei 5872 eta 5874 zenbakiak jarri zizkieten, hurrenez hurren, eta handik Auschwitz-Birkenau esparrura bideratuak izan ziren.[2] Lazare eta bere gurasoak 62. konboian deportatu zituzten 1943ko azaroaren 20an eta egun batzuk beranduago erahil zituzten.[2] Paquita aste batzuk beranduago deportatu zuten, 64. konboian, 1943ko abenduaren 7an.[2] Drancytik Bobignyra bidali zituzten autobusean, eta handik Auschwitzera, 1943ko abenduaren 10ean, 1.000 pertsona zituen konboian.[2]

Paquita, deportazio bidean hil zela erregistratu zen, hau da, 1943ko irailaren 12an.[2] Baina gerora aurkitu den dokumentazio eta testigantzek data hori ezeztatzen dute.[2] Izan ere, 64. konboia hiru hilabete beranduago irten zen eta Paquita bertan zegoen inskribaturik.[2][3]

Paquitaren neba-arreba batzuk holokaustotik bizirik atera ziren.[2] Samuel larrugintzan jarraitu zuen New Yorken, Rene Joseph Limara joan zen errefuxiatu eta handik Brasilera eta Yvonne eta Huguette ezkutaturik mantendu ziren.[2]

Sariak eta aitortzak

  • 2005ean Simone Liberman-en izena Parisko Mémorial de la Shoah-ren horman inskribatu zen
  • 2022an bere izena Lyongo Mouche hilerrian dagoen Mémorial des juifs d’Auvergne Rhône-Alpes victimes du nazisme-ko horman.[2]

Erreferentziak

  1. a b c d Gogora Institutua. (2020). Euskaldunen deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara (1940-1945). Gogora Institutua.
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w García Santamaría, Ana. (2023). «Simona Francisca “Paquita” Lelouch» Antzina: revista de genealogía vasca e historia local (35): 44–49. ISSN 1887-0554. (Noiz kontsultatua: 2025-01-17).
  3. (Gaztelaniaz) Gallastegui, Por Haizea Garay. (2020-01-29). «Simona Paquita. Una donostiarra en Auschwitz» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2025-01-17).

Bibliografia

  • García Santamaría, Ana (2023). Simona Francisca “Paquita” Lelouch. Antzina: revista de genealogía vasca e historia local, 35, (44-49).
  • Gogora Institutua (2020). Euskaldunen deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara (1940-1945). Gogora.

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!