Hiria Mendebaldeko Rivieran dago; Letimbro ibaiak zeharkatzen du, eta autobide biren elkargunean dago: Autostrada dei Fiori (Autostrada A10, Genova eta Ventimiglia elkartzen dituena) eta Autostrada A6.
Liguriako hirugarren portu garrantzitsuena da merkantziei dagokienez, Genovakoaren eta La Speziakoaren ostean. Izan ere, Piemonteko eta Lonbardiako industriaren salgaiak bertatik itsasoratzen dira, besteak beste. Trenbideek ere garrantzia dute hirian.
Gainera, turismorako portua ere badauka, instalazio egoki eta modernoekin; urtero hainbat kruzero bertan lehorreratzen dira, eta Costa Crociere konpainia italiarraren portu terminala ere bada.
Savonako hondartzek eta Vecchia Darsena-ko portuak (Nasa Zaharrak) Bandera Urdina izan dute 2002, 2003, 2004, 2005, 2006, 2007, 2009, 2010, 2011 eta 2012. urteetan.
Liguriarren antzinako kokalekua izan zen. Gerra PunikoetanKartagorekin batera jardun zuen Erromaren kontra (Genovarekin batera ziharduten erromatarrek, bestalde). K.a. 180. urtean erromatarrek Savona menderatu zuten, eta Savo Oppidum Alpinum izena ipini zioten. Erromatarren sasoian, Savona Liguriako portu garrantzitsuena izatera iritsi zen, Genovakoaren aurretik.
641. urtean, Rotari errege lombardiarrak hiria suntsitu zuen, baina, gerora, aberastasuna eta itsas merkataritza berreskuratu zituen Karlomagnoren agintepean; pirata sarrazenoak borroka latzetan garaituta, 1191. urtean hiri asketzat sortu zen: Hoc habet ex Coelis, q. sit Saona fidelis izan zen hiriaren Erdi Aroko lema.
XI. mendean Genovako Errepublikaren aliatua izan zen arren, hiriek batak bestearen kontrako borroka latzak ere izan zituzten; baina baita lotura hertsiak ere, batez ere Campofregoso leinuko duke batzuekin.
XIII. mendean Mediterraneoko portu nagusietariko bat izan zen, merkataritza-ontzi handiak porturatzeko lekua baitzuen. XIII-XIV. mendeetan, kultura erlijiosoaren gune bilakatu zen bi monasterio garrantzitsuri esker: frantziskotarrena eta domingotarrena. XIV. mendean Erroman baino % 150 biztanle gehiago bizi zen hirian, eta XV. mendean izan zuen Savonak gorenaldia, Aita Santuen Hiria izena eman ziotenean. Izan ere, hiriko Della Rovere handiki-leinukoak izan ziren Sixto IV.a (Francesco della Rovere, Kapera Sixtinoaren sustatzailea) eta Julio II.a (Giuliano della Rovere, aurrekoaren iloba); azken hori Michelangeloren, Bramanteren eta Rafaelen mezenasa izan zen.
Ikustekoak dira, besteak beste, hiriko ikur den XIV. mendeko Torretta, portuko bidegurutzean. Savonako Kapera Sixtinoa da Erromakoaz gain gordetzen den bakarra, bere aurrekoak bertan hilobiratzeko Sixto IV.ak eraiki zuen monumentua; oraintsuan berriztatuta dago. Assunta katedrala eta Nostra Signora della Misericordia santutegia ere aipatzekoak dira, baita 1542. urtean eraikitako Priamar gotorlekua ere.
Beste zenbait monumentu eta leku interesgarri: Brandale dorreak, Gabriello Chiabrera antzokia, Eroritakoen Monumentua, Fontana del Pesce, Garibaldiren monumentua, Tempietto Boselli eta Palazzo Della Rovere.
Museo aipagarriak: Museo Civico Storico Archeologico di Savona, Museo del Tesoro del Santuario di Nostra Signora della Misericordia, Pinacoteca Civica, Sandro Pertini Museoa eta Renata Cuneo Museoa.
Unibertsitate-campus modernoa ere badago, Università degli Studi di Genova-koa, hainbat fakultaterekin.