1582ko urrian Teresa hil eta hamar hilabetera atera ziren gorpuzkiak haren hilobitik. Haren gorputza ustelgabe eta malgu agertu zen, eta orduan Jerónimo Gracián apaizak agindu zuen ezkerreko eskua mozteko eta pieza Avilako San Joseko moja karmeldarrei eman zien, eta, ondoren, Graciánen beraren eskutik, LisboakoSan Albertoren komentuko karmeldarrei. Hatz txikia falta zaio, Jerónimo Graciánen jabetzan geratu baitzen.[3]
Espainiako Gerra Zibilaren hasieran errepublikanoak kontrolatutako eremuan gelditu zen Ronda. Hiriko beste eliza batzuekin batera, motu proprio jokatzen zuten antiklerikalek eraso egin zioten Karmeldar Oinutsen komentuari; mojak salbatu ahal izan ziren arren, eskuaren erlikia-ontzia hartu zuten errepubilkarrek eta probintziako agintariengana, Malagara eraman zuten. Frankisten bandoaren tropek 1937ko otsailean hiria hartu zutenean, santuaren erlikiontzia José Villalba Rubio koronelaren gauzen artean aurkitu zuten.[4]
Santa Teresaren eskua Malagatik Valladolidera eraman zuten, erakusketa batera. Francisco Franco diktadoreak eliza-baimena lortu zuen bere egoitzako kapera pribatuan, Pardo Jauregian, erlikia gordetzeko. Francok harekin lo egiten zuela esan izan zen bere diktadurako 40 urte luzeetan.[5]
Franco hil eta aste gutxira erlikia Rondako mojengana itzuli zen, Marcelo González Martín kardinalaren bidez; zeinak Carmen Polo Francoren alargunaren eskutik jaso zuen.[6]
Francoren familiak ez zuen erlikia-ontzia jaso bezala itzuli, gehigarri batekin baizik: San Fernandoren Gurutze Ohoratuaren urrezko domina bat itsatsia zeukan, Francok gerran beti aldean eraman zuen bera.
Erreferentziak
Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, gaztelaniazko wikipediako «Mano incorrupta de Santa Teresa de Jesús» artikulutik itzulia izan da, 2023-03-17 data duen 149941132 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-03-17 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.