Madrilen jaio zen, 1981eko irailaren 16an. Rodrigo Sorogoyen del Amo Antonio del Amo zinema-zuzendariaren biloba da.[1]Historian lizentziatu zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean. 2001ean, Gidoi Zinematografikoen ikasketak egin zituen Madrilgo Septima Ars Zinema Eskolan. 2004an, Madrilgo Erkidegoko Zinematografia Eskolan (ECAM) matrikulatu zen, eta fikziozko gidoilari gisa hasi zen bere lehen lanetan.[2]
Hastapenak
2008an 8 citas filma zuzendu zuen, Peris Romanorekin elkarlanean. Madrilen grabatutako zinta hori komedia erromantikoa da, zortzi istoriotan oinarritua. Fernando Tejero, Belén Rueda, Verónica Echegui, Jordi Vilches, Raúl Arévalo, Ana Wagener, Miguel Ángel Solá eta Arturo Valls aktoreen lana nabarmentzen da filmean. Malagako Zinemaldian aurkeztu zuten, eta harrera ona izan zuen. 2010ean, ECAMeko hiru kiderekin batera, Caballo Films produkzio-etxea sortu zuen.[3]
2013an estreinatu zen Stockholm, Isabel Peña eta Sorogoienen gidoiarekin. Benetako istorioa da, asmo hipererrealista duena. Mikromezenasgoaren bidez finantzatua, zintak 60.000 euroko aurrekontua izan zuen.[4][5]Aura Garrido eta Javier Pereira dira zintaren protagonistak, eta hiru sari (Zilarrezko Biznagak) irabazi zituen Malagako Zinemaldian. Gainera, aipamen berezia jaso zuen, film onenaren Signis saria eta film onenaren Gazte Epaimahaiaren saria ere. Sorogoienek zuzendari onenaren saria eta gidoi berri onenaren saria jaso zituen, Isabel Peña gidoilariarekin batera. Javier Pereira protagonistetako batek aktore ezagun onenaren Goya saria jaso zuen.[3]
2019ko urtarrilean, Espainiako ustelkeriaren aurkako El reino (Erreinua) filmarekin irabazi zuen Feroz 2019 sariak. Aukerak zituen 10 estatuatxo lortzeko, eta bost lortu zituen filmak: film dramatiko onena, zuzendari onena, aktore protagonista onena (Antonio de la Torre), aktore onena (Luis Zahera) eta gidoi onena Isabel Peñarekin.[8]
2019ko Goya sarietan, zuzendari onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren saria irabazi zituen —Isabel-kin— El reino (2018) filmarengatik.