Pietatearen Aitaren kapera

Pietatearen Aitaren kapera
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaOndarroa
Historia eta erabilera
IrekieraXIV. mendea

Pietatearen Aitaren kapera Ondarroan (Bizkaia) kokatutako tenplu katoliko txikia da. Herri hizkeran Aita Eternoa (Atte Eternu) edo Aita Piedadekoa (Atte Pirere[1]) bezala ezagutzen da.[2]

Ezaugarriak

Ermitaren barruko aldea, burdin-sare batez itxia.

Ermita txikia da, 6,30 x 6,10 metrotako oina duena. Burdin sarez itxia dago, eta bere aurrean aterpe bat egiten du, hiru arkurekin; arku hauen artetik kalea pasatzen da.[3] Ipar eta hego aldeko arkuek hagak sartzeko zuloak dituzte, ez ordea ekialdekoak.

Imajineria

Ermitaren barruko aldea, 2019an.

Itxuraz, antzinan aterpe honetan Pietatearen Ama Birjinaren irudi bat egoten zen, Jesus altzoan zuela; hortik kaperaren izena. Gaur egunean, bertan gurtzen den irudia Jesus eskuak lotua da, buruan arantzazko koroa duela.[3] 2019 urtean konponketa lanetara bidali da.

Historia

Ondarroako armarria. Ezkerreko etxetxoak Atte Pirere irudikatzen du.

Hiribildua XIV. mendean sortu zenean, kapera hau herrira sartzeko hiru ateetatik garrantzitsuena izan zela uste da; zehazki Erdi Aroko dokumentazioan Portal de Ondarroa, edo Portal hitz soilarekin aipatzen dena (beste biak Portal de Coscabil, Kale Handiko sarrera/irteeran, eta Portal de Suso, Antigua edo Goiko Kaleko sarrera/irteera ziren).[4] Humilladeroa ere izan zen, eta Gipuzkoa alderantz zihoazen ibiltariek bertan babesa eskatzen zioten jainkoari.[2] Kontuan hartu behar da, duela urte gutxira arte, Ondarroako herritik aterata Zubi Zaharra igaro eta berehala bidaiariak Berriatuako lurretan sartzen zirela.[4]

Kapera honen antzinakotasuna adierazten duen detaile bat: Ondarroako Andra Mari parrokian, aldare nagusian, egurrezko apaindurek ezkutatzen dituzten harrizko irudi eta apaingarrien artean, ermita honen irudia duen azpadura bat dago.[3] Bestalde, Ondarroako armarrian Zubi Zaharraren ondoan agertzen den etxe-irudia, kapera honen aurrealdea da.[4]

1866 urtean, ermitaren egoera txarra zen eta Ondarroako Udalak etxerik etxeko diru bilketa abiatu zuen eraikina konpontzeko.[3]

Ondarroako herrian atxekimendu handia duen kapera da, eta erabilera erlijiosoa zein zibila eman izan zaio.[5]

Gurtza

Aste Santu inguruko ospakizun erlijiosoetan, Atte Eternu kaperatik atera ohi da Ondarroako kaleetatik prozesioa egiteko. Katolikoek pausuari agur egiten diote leihoetatik izara zuriak eskegiz.[6]

Lehen, Andra Mari egunaren biharamonean, San Rokeren omenezko meza egiten zen urtero; abadeak parrokiatik jantzita ateratzen ziren, eta bertara kantuz joaten ziren kalerik kale. Bestelako egun askotan borondatezko mezak ematen ziren, batez ere arrantzaleenak. Eta arrantzaleok atunetan zebiltzanean (bi hileko kanpainak Kantabria aldean), emakumeak Atte Pirerin biltzen ziren haien alde errosarioak errezatzeko; herriko beste ermitetan bezala.[3]

Erreferentziak

Kanpo estekak

  1. Etxaburu, José Mari, 1913-. (1995). Ondarroa'ko kontuak. Sendoa ISBN 8489080178. PMC 431214734. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
  2. a b «Ondarroako Udala - Monumentos e itinerarios» www.ondarroa.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
  3. a b c d e Zubikarai, Augustin, (1914-2004). Ondarroa : kondaira 1900-arte. [Flash Composition] ISBN 8488464029. PMC 863220864. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03). Hemen irakurgai.
  4. a b c Ondarroako Historia Zaleak. (2013). Txostena. Ondarroako armarria. OHZ elkartearen proposamena.. OHZ, 197 or..
  5. Gorosabel, Oier. «Deban, Ondarrun eta Feisbuken» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
  6. Bengoetxea, Lore. (2002-3-27). «Aita Eternoa atarako dabe gaur, Aste Santuko ekimenen barruan» Euskaldunon Egunkaria (Noiz kontsultatua: 2019ko ekainaren 3a).

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!