Paulino Uzkudun Eizmendi (Errezil, Gipuzkoa, 1899ko maiatzaren 3a - Madril, Espainia, 1985eko uztailaren 5a) boxeolaria izan zen, ziur asko Euskal Herriak inoiz eman duen boxeolaririk garrantzitsuena. Pisu astunen kategorian aritu zen. Falangista izaki, matxinatuen alde borrokatu zen Espainiako Gerra Zibilean, eta frankismoaren aldeko propagandarako erabili zuten gerraostean.[1]
Bizitza
Bederatzi anaia-arrebaren artean gazteena, gaztetan aizkora probarekin hasi zuen kirol ibilbidea. Boxeoari ekinda, Uzkudunek — Estatu Batuetan 'Paulino' izenaz ezaguna, bai eta 'euskal herritar aizkolaria' ezizenez ere— bere garaiko munduko txapeldun Joe Louis, Max Baer, Max Schmeling (hirutan) eta Primo Carnera izan zituen aurkari hainbat borroka sonatutan. Erretiratu zenean, guztira 50 garaipen (34 KO), 17 porrot eta 3 berdinketa zituen; hau da, 70 borroka egin zituen.
Uzkudun boxeolari bizkorra zen eta haren ezker gantxoak orduko pisu astun indartsuenei erasan zien. Harry Wills famatua erretirarazi zuen, 1927ko uztailaren 13an lau asaltotan irabazi zionean. Uzkudun bere karreran behin baino ezin izan zen borrokatu munduko titulua lortzeko, 1933ko urriaren 22an, Italian: Primo Carnerak puntuka irabazi zion hamabosgarren asaltoan. 1933-1934 denboraldietako udan, Uzkudun Rocky Pointen (New York) entrenatu zen. Franklin Rosaliarekin (1911-1972) sparring saio bat egiten ari zela, hark Uzkudun eraitsi zuen. Ezuste hark eragindako etsipenak erretiratzera bultzatu zuen, batzuen ustez.
1935eko abenduaren 13an, ordea, Uzkudunek erretiroa utzi zuen, Madison Square Gardenen Joe Louisekin borrokatzeko. Laugarren asaltoan, Louisen eskuin uppercutak Uzkudun eraitsi zuen, eta arbitroak borroka amaiarazi zuen, nahiz eta Uzkudunek borrokara itzuli nahi izan. Uzkudun oso indartsua zen, inoiz ez zuten eraitsi haren azken borroka profesionaleraino.
Paulino Uzkudun falangista zen: Gipuzkoako falangista afiliatuen zerrendan, 785. zenbakia egokitu zitzaion.[1] Hala, bada, 1936ko gerra piztean, faxisten alde egin zuen.[2] Uzkudunek diru asko emana zuen falangisten alde, eta Errepublikaren aurkako altxamendua gertatu zenean, Pasaiako CNTkoek Paulino harrapatu zuten; fusilatzekotan zirela, Zarauzko EAJko kideek ihes egiten lagundu zioten.[1] Gerraostean, frankismoaren propagandarako kirol izar bihurtu zen, Vicente Gil Francoren medikuaren eta Espainiako Boxeo Federazioko lehendakariaren babesarekin.
1976an, paralisiak eraginda, bizitza publikotik erretiratu zen. Arteriosklerosiak makuluak erabiltzera behartu zuen, eta 1985ean Madrilen hil zen.
Erreferentziak
Kanpo estekak