Paraná[1] (gaztelaniaz: Río Paraná, portugesez: Rio Paraná, guaranieraz: Ysyry Parana) Brasil, Paraguai eta Argentina zeharkatzen dituen Hego Amerikako ibaia da. 4.880 km luze da eta 2.582.672 km²-ko arroa hartzen du. Rio Grande eta Paranaiba ibaiek osatua da, eta Rio de la Platan isurtzen du ura. Paraguai ibaia da adar nagusia. Ontziz ibil daiteke 3.215 km-tan.
Izena
Paraná hitzak «Itsasoaren senide» edo «Itsasoa bezalakoa» esan nahi du tupi hizkuntzan.
Parana–Paraguai ibaien arroan 75 milioi pertsona bizi dira. Arroan dauden hiri nagusiak São Paulo, Buenos Aires, Curitiba, Asuncion, Campinas eta Rosario dira. Ibai bazterreko hiri nagusiak, berriz, hauek dira:
Paranáren emaria 80 urtez (1904-1983 bitartean) neurtua izan da Corrientesen, Paraguai ibaiarekin elkartu ondoan[2]. Gune horretan, drainatutako eremuak 2.661.392 km² ditu, arro osoaren % 72. Urteko batez besteko emaria 16.595 m³ segundoko da. Emari handiena martxoan du (21.400 m³/s), eta txikiena irailean (12.004 m³/s).
Ibaia milioika pertsonentzako ur, janari eta energia iturria da, eta Hego Amerikako hiri handienetako batzuk (Brasilia, Buenos Aires, Sao Paulo) arro honetan kokaturik daude. Arrantza garrantzi handiko jarduera da, eta espezie batzuk, hala nola sabaloa (Prochilodus lineatus), komertzialki ustiatzen dira, bai herrialdean bertan kontsumitzeko, bai esportatzeko. Kirol arrantzan surubia (Pseudoplatystoma fasciatum) eta doradoa (Salminus brasiliensis) dira estimatuenak[3]. Itaipuko presa, munduko bigarren indarretxe hidroelektrikorik handiena, Brasil eta Paraguairen arteko mugan dago[4].
Juan Díaz de Solís 1515ean Paranara iritsi zenean, tupi-guarani herria bizi zen ibaiaren arroan. 1527anSebastian Cabotok Sancti Spiritus gotorlekua eraiki zuen Parana ibaiaren mendebaldeko ertzean, eta 1536an alde horretan bertan Nuestra Señora de Mendoza herria eraikitzeko agindua eman zuen Pedro de Mendozak.
Arazo handiak sortu ditu ibai honek, energia hidroelektrikoa dela eta, Brasil, Paraguai eta Argentinaren artean; nolanahi ere, 1979. urtean itun bat sinatu zuten elkarrekin.