Palembang (indonesieraz: Kota Palembang; jawiz: ڤاليمباڠ) Indonesiako hiria da, Hego Sumatra probintziako hiriburua. 2010ean 1.455.284 biztanle zituen[1]. Sumatra uharteko bigarren hiririk handiena da, Medanen ondotik, eta Indonesia osoko zazpigarrena. Ekialdeko Venezia deitzen zaio.
Geografia
Palembang hegoaldeko Sumatrako ordokian dago, Musi ibaiak zeharkatua. Ibaitik iparraldera Seberang Ilir izeneko aldea dago, eta bertan daude hiriko gune ekonomiko eta kultural nagusiak; ibaitik hegoaldera, berriz, Ulu Seberang dago, eta bertan dago gune politikoa. Ikusgarria da Musi ibaiaren gaineko Ampera zubia, hiriko ikonoa.
Idatziz, VII. mendeko agirietan aipatu zuten lehenengoz. Indonesiako hiririk zaharrena da, eta historia aberatsa dauka, luzaro Srivijaya itsas erresumako hiriburua izan zenez: antzinako Sumatra irla (gaurko Indonesia) berena zen, eta Asiako hego-ekialdean eragin handia izan zuten, Indonesia eta Malaysia inguruetan batez ere. Budismoa zen beren erlijioa.
1825. urtean, herbeheretarrek menpean hartu zuten lurraldea, eta arkitektura-ondare aberatsa utzi zuten. Bigarren Mundu Gerran Palembangeko itsas gudua gertatu zen, 1942. urteko otsailaren 13tik 15era, Japoniak hiriko petrolio-findegiak bereganatu nahi izan baitzituen. 1950ean Indonesiako Errepublikaren barnean sartu zen.
Banaketa administratiboa
Palembang 16 barruti eta 107 azpibarrutitan banatuta dago. Barrutiak hauek dira:
Ilir Timur I
Ilir Timur II
Ilir Barat I
Ilir Barat II
Ulu Seberang I
Ulu Seberang II
Sukarame
Sako
Bukit Kecil
Kemuning
Kertapati
Plaju
Gandus
Kalidoni
Alang-Alang Lebar
Sematang Borang
Gizartea
Malaysiera da Palembangeko hizkuntza nagusia, musi dialektoa bereziki. Erlijio ugari batzen dira hirian: islama da nagusia, baina kristauak, budistak, hinduistak eta konfuzianistak ere daude.
Ekonomia
Ehungintza-industria eta petrolio-finketa dira hiriko gaur egungo ekonomiaren gune nagusiak. Musi ibaiaren bokalean portua dago.
Garraioak
Garraio publiko nagusia minibus-sareak eratzen du. Ibaia zeharkatzeko, ontziak erabiltzen dira, bai betikoak (Ketek), bai txalupa azkarrak ere. Nazioarteko aireportua dago. Hiru portu nagusi daude hirian; Boom Barú da garrantzitsuena.
Hezkuntza eta kultura
Hamar unibertsitatetik gora daude Palembangen; bi aipatzearren: Sriwijayako Unibertsitatea eta Sriwijaya Palembang Politeknikoa. Komunikabideetan ere nabari da hiriaren garrantzia: telebista nazional guztiek dituzte egoitzak Palembangen, eta hainbat irrati.
Erreferentziak
↑Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan:
ez da testurik eman bizt izeneko erreferentziarako