Pakistan Monumentua (urdueraz: یادبود پاکستان) Pakistango Islamabad hiriburuan dagoen monumentu bat da, pakistandarren batasuna irudikatzen duena. Muino batean kokaturik dagoenez Islamabad eta Rawalpindi hirietatik ongi ikusten da, eta toki turistiko nagusietako bat bihurtu da, egunero 1.500 turista hartzen ditu batazbeste.
Historia
2002an planteatu zen horrelako monumentu baten beharra. Kultura Ministerioak lehiaketa antolatu zuen[1] eta 20 proposamen jaso ziren. 2003ko uztailaren 10ean Arif Masoud-en proiektua izendatu zuten irabazle[2].
2004ko maiatzaren 25ean ezarri zen aurreneko harria eta 2007ko martxoaren 23an inauguratu zuen Pervez Musharaf presidenteak[3].
Deskribapena
2'8 hektareatako azalera hartzen du[3] Shakarparian mendien oinean[2], eta mogolen arkitekturako mukarna tradizionaletan inspiraturik lore erraldoi baten petaloak irudikatzen ditu. Lau petalo handi ditu eta bakoitza Pakistango kultura nagusi baten sinboloa da; Punjab, Balutx, Sindhi eta Paxtun kulturak. Hiru petalo txikiago ere baditu eta herrialdean dauden gutxiengoak errepresentatzen dituzte. Petaloak granitozkoak dira eta Pakistango paisaien marrazkiez eta Pakistanen independentzia prozesuak ezinbestekoak izan ziren liderren irudiez eta musika eta dantza eszenez apaindurik daude[4].
Petalo guztiek Pakistango banderak duen ilargi erdia eta izarra babesten dute. Izarraurrezko izarrak ditueen granito beltzez osatua dago eta ilargia altzairuzkoa da eta inspiraziozko idatziak ditu.
Erabilera
Monumentu nazionala izateaz gain Pakistanen sorrera eta historia erakusten duen museoa ere bada. Argizari museoa ere badu barnean. Horretaz gain auditorio txiki bat ere badago, 62 eserleku dituena[5].
Monumentuaren ertz batean Islamabad hiriaren ikuspegi itzela duen plataforma garai bat dago.
Iruditegia
Erreferentziak
Kanpo estekak