Nikosiako lehen gotorlekua 1211. urtean Lusignan Aroan eraikitako gaztelua izan zen. 1368an Petri I.a Ziprekoak Margarita dorrea altxatu zuen eta haren semea zen Petri II.ak Margarita dorrea bota eta hiria inguratuko zuen lehenengo harresia eraiki zuen. Hainbat ate zituen, San Andres atea, Santa Beneranda atea, Armeniarren atea eta Pafoseko merkatuaren atea, besteak beste[1].
1489an Zipre Veneziako Errepublikaren parte bihurtu zen[2], baina hasiera batean hauek ez zuten harresian aldaketarik egin[3]. 1565eko Maltako setioaren ondoren Otomandarrek haien inperioa zabaltzeari ekingo ziotela ikusita Mediterraneo ekialdeko estatu kristau askok hiriak gotortzea erabaki zuten[2]. Veneziarrek 1567an Giulio Savorgnan eta Francesco Barbaro injeniariei babes egitura berriak diseinatzeko enkargua egin zieten[4]. Harresi zahar guztia eraitsi zuten hauek, bai eta hainbat etxe, eliza eta jauregi ere[5]. Izar itxurako harresia eraiki zuten eta Pedieos ibaia desbideratu zuten harresiaren inguruan putzua betetzeko, eta bide batez hiritarrak izan ohi zituen uholdeetatik babesteko. Hiru ate eraiki ziren harresian, bakoitza Zipreko hiri garrantzitsu abterako bidea abiatzen zuena, Kireniako atea (iparraldean), Pafoseko atea (mendebaldean) eta Famagustako atea (ekialdean)[4].
Harresien eraikuntza bukatu gabe zegoela laugarren Otomandar-Veneziar Gerra lehertu zen. 1570ko uztailaren 1ean otomandarrek uhartea inbaditu zuten Piali Pasha generalaren agindutara. Pafos, Limasol eta Larnaka eskuratu ondoren uztailaren 22an Nikosiaren setioa abiatu zuten. Hiriak irailaren 9 arte eutsi zion setioari baina Podocattaro bastioian zuloa egin eta otomandarrek hiria berenganatu zuten. Lala Mustafa Pashak 4.000 soldadu eta 1.000 zaldun utzi zituen hiriaz arduratzeko[6]. Otomandarrek hautsitako harresiak nolabait konpondu zituzten baina XVII. mendearen hasierarako oso egoera txarrean zeuden eta hiriak ez zuen babes egitura eraginkorrik dagoeneko[7].
1878an britainiarrek Zipre okupatu zutenean hiria harresien barruan zegoen oraindik. hauek Pafos atearen ondoan irekidura bat egin zuten eta hiria harresietatik kanpora zabaltzen hasi zen. XX. mendean zehar irekidura gehiago egin ziren[8].
Egitura
Veneziarren harresiak itxura zirkularra du eta pentagono itxurako hamaika bastioi ateratzen dira. Bastioi hauek orilloiez ("belarri itxurako egitura") borobilduta daude. Harresien zirkunferentziak 5 kilometro inguruko luzera du.
Bastioiak
Hamaika bastioien izenak hiriko italiar aristokraziako familien izena daramate, bakoitzak diruz lagundu baizuen bere bastioiaren eraikuntza[2].
Caraffa bastioia (Z)
Podocattaro bastioia (Z)
Constanza bastioia (Z)
D'Avila bastioia (Z)
Tripoli bastioia (Z)
Roccas bastioia (T)
Mula bastioia (T)
Quirini bastioia (T)
Barbaro bastioia (T)
Loredan bastioia (T)
Flatro bastioia (MB)
Bastioi batzuk hegoaldean kokaturik daude, Zipreko Errepublikan (Z), beste batzuk Ipar Zipreko Turkiar Errepublikan (T) eta Flatro bastioia marra berdean kokaturik dago, alde bien arteko Buffer eremuan.
Ateak
Hiru ate ditu harresiak:
Pafos atea, veneziarrek Porta San Domenico izendatu zutena.
Famagusta atea, handiena, veneziarrek Porta Guiliana izendatu zutena arkitektoaren omenez[4].
Kirenia atea, veneziarrek Porta del Proveditore izendatu zutena.
Garrantzia
Adituek XVI. mendeko arkitektura militarraren eredu hartzen dituzte Nikosiako harresiak. Teknika espezifiko berritzaileak agertzen ditu diseinuak, Pizkundeko arkitekturari hasiera emanez. Ateak bastioien artean kokaturik daude, setio garaietan hobeto defendatu ahal izateko, eta hargintza bidez harresien gainaldea lerratu gabe daukate, kanoikaden kolpeak hobeto jasateko[2].
Halabaina aurreneko setioa iritsi zenerako harresia amaitu agbe zegoen eta garai hartako harresiek izan ohi dituzten hainbat osagai falta zaizkio. Bastioiek ez dute piazza bassa edo plazarik eta gortina-hormak nahiko baxuak dira. Kanpoko babes egiturak ere falta ditu[2].