Nick Carter (literatura-pertsonaia)

Nick Carter Ameriketako Estatu Batuetako literaturako pertsonaia ezaguna da. XIX. mendearen akabuan munduratua, Sherlock Holmesen pareko izan nahian, ñabardurak ñabardura, eta ordutik hona pertsonaia bilakatuz joan da, idatzi duten idazleek gorpuztuta eta logika barik ezaugarrituta, nork bere modura, haren izaera ez baita denbora tarte honetan inondik ere molde bakarrean itxuratu. Ezinezkoa da pertsonaiaren ibilbidean kronologia taxuzkorik antzeman.

"The old detective's Pupil or the Mysterious Crime of Madison Square", 1886ko iraila. Horixe dugu abiapuntua. Street and Smith editoreen ‘New York Weekly Story Paper’ argitalpenean agertu ohi zen, ‘dime novels’ horietako batean, hamar zentaboko eleberriak zirenak hain zuzen ere. 1889an, izandako arrakastaren ondorioz, aldizkari berariazkoa bihurtu zuten Nick Carterren agerlekua, eta pertsonaia sortu zuen idazleak, John Coryellek, ezin izan zion eutsi halako ekoizpen jarraikiari. Hartara, Frederick Marmaduke Van Rensselaer Dey-k sailari segida ematen jardun zuen. 25.000 berba zuen asteroko langintza eta eskakizun, eta horretan eman zituen 17 urte. 1915 arte aipatu hamar zentaboko nobelen modura argitaratu zuten. 20. eta 30. hamarkadetan PULP izenez ezagunak diren aldizkari trazakoetan kaleratuko dute. Halako edizioak, kostuei ondo erreparatuta, kalitate eskaseko paperean argitara eman dira, eta hortik datorkie izendapena: ingelesezko ‘pulp’ horrek zelulosa-ekaiari egiten dio aipu. Estatuan antzeko euskarria ezagutu zuen Nick Carterrek. Antzeko aldizkarietan ezagunak egin ziren, tamainako arrakastarekin, Sherlock Holmes eta Buffalo Bill.

Itxura ederrekoa, onbera, berba zantarrik esango ez zuena, ez-erretzailea eta edan bakoa, andreengandik beti urrun, … halakoxea zen Nick Carter. Mozorrotzen maisua, haren sakela hondo bakoetatik edozer gauzak irten zezakeen atakak hala eskatuta: soka, arma, lanabes… edozerk.

1940tik aurrera zinemak ere bide egin zion pertsonaiari eta hainbat filmetan ezagun dugu. 1960. urtera heldu eta James Bonden arrakastaren ildotik berorren ezaugarriak zituen pertsonaia lantzen saiatu ziren aldian-aldian etorri ezin hobea zuten gidoilariak, eta gisa horretan aurkeztu zuten 200 eleberritan edo. Egun pertsonaiak bizirik dirau eta, denborari egokitzeko ahalegin horretan, imitatzekoak ditu Marvelen pertsonaiak.

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!