Neskatoak Jon Abril beratarraren film dokumentala da, 2016koa. Nafarroa Garaitik Ipar Euskal Herrira, franskismo garaian, neskato-lanean aritzera joan ziren emakumeen historia erakusten du hamalau elkarrizketen bidez.[1][2][3]
Bizimodua aurrera ateratzeko borrokatu ziren emakume langileen historia kontatzen du. Jon Abrilek bere amatxi Micaelaren neskato bizimoduari tiraka ondu zuen dokumentala. Batik bat 50eko hamarkadaren hasieran joan zirenak elkarrizketatu ditu eta denak Baztan-Bidasoa eskualdekoak, nahiz eta beste hainbat eskualdetakoak ere Ipar Euskal Herrian izan ziren.[4]
Rosa Arburua Goienetxe pedagogo eta historia-ikertzailearen azalpenak tartekatzen dira filmean, baita neskato lana ilustratzeko Ane Beratsain Goia aktoreak zuribeltzez grabatutako eszenak ere. Estitxu Pinatxo Olatziregiren ahotsak grabatu zituen off-eko azalpenak, eta muntaia Eduardo Portal Mañeruk egin zuen.
Dokumentala oinarri hartuta eta 2021eko Tene Mujika sariaren bidez, Jon Abrilek Isildutako eskuak liburua argitaratu zuen 2022an.[5] Bertan gerra osteko emakume langileen kontakizuna egiten da. Hamaika lanbidetan aritutako hamalau emakume dira kontakizuneko protagonistak. Gerraostean emakumeek kanpoan ere lan egin zutela erakusten du liburuak. Liburuaren lehenbiziko zatian. Bertan, Pakita Burguete emakumearen bizipenak kontatzen dira. Beratik (Nafarroa) Donibane Lohizunera (Lapurdi) neskato joan zen. Bertze hamahiru testigantzen artean daude, adibidez, Libe Goñi, Seaskako lehenbiziko irakaslearena edo Milagros Landa, Otsagabian (Nafarroa) unai gisa aritu zen emaztekiarena.[6][7][8]
Argumentua
Zerbitzari lanera erbesteraturiko emakumeen lekukotasun eta omenaldi da filma. Zelako lanak egin zituzten, nola moldatu ziren Lapurdira pasatzeko, ea frantsesa erabili behar izan zuten eta nola moldatu ziren, zenbat ordutan lan egiten zuten, non lo egiten zuten... Hauek dira emakume elkarrizketatuak: Anttoni Altzugarai Mitxelena, Juanita Altzugarai Mitxelena, Joxepa Altzugarai Lazkano, Carmen Altzugarai Lazkano, Crucis Apeztegia Gortari, Maittere Arribillaga Danboriena, Pakita Burguete Iratzoki, Mikela Goienetxe Danboriena, Sagrario Goñi Mitxelena, Carmen Indaburu Larrondo, Pakita Iratzoki Beratsain, Felisa Irungarai Inda, Mari Carmen Tapia Goñi, Ramoni Tapia Goñi, Inma Uranga Telletxea.[1]
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak