Monika Lekunberri

Monika Lekunberri

Bizitza
JaiotzaGaldakao1910eko maiatzaren 19a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaGaldakao1987ko apirilaren 14a (76 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea

Monika Lekunberri Uriona (1910eko maiatzaren 19a- 1987ko apirilaren 14a) Galdakaoko ikastolako irakaslea izan zen 1934-1936 urte bitartean, eta geroago ere diktadura garaian bere etxean bertan.[1][2][3]

Bizitza

Bere aita, Jenaro Lekunberri, Dimanita lantegiko postaria zen; eta lantegi horretan bertan lan egiten zuen Karmelo Leizaola kimikariak, geroago lehendakari izango zenaren anaia. Donostiako kimikari horrek ostatu hartu zuen Jenaroren etxean eta aukera izan zuen Monika Lekunberri ezagutzeko, eta euskararekiko grina txertatzeko. Monikak irakasle ikasketak egin zituen Bilboko Irakasle Eskolan, 1926tik 1930 arte: urte horretan, titulua lortu zuenean, Euzkadi egunkarian atera zuten bere erreferentzia, ohore handi bat izan zelako.[4]

1934ko apirilaren 15ean, Eusko Ikastola Batza edo Escuelas vascas zeritzon mugimenduaren barruan, Galdakaon sortu zuten ikastola bat, haurrei euskara irakasteko asmoarekin. Hasieran Plazakoetxeko Etxebarria Ikastola deitu bazioten ere, 1935ean sortzailea Hego Amerikan hil ondoren, haren izena eman zioten ikastolari: Karmelo Leizaola Euzko Ikastola.[5]

Monika Lekunberri parkea. Galdakao

1936ko udan Galdakaoko Udalaren beka bati esker, Donostian egon zen Eusko Ikaskuntzako ikastaro batean. Espainiako Gerra Zibila piztean, Iparraldera ihes egin zuen baina Galdakaora bueltatzea lortu zuen geroago. Irakasle moduan jarraitu zuen lanean, 1937ko udaberrian frontean bonbardaketak gogortu ziren arte. Diktadura garaian irakaskuntzan aritzeko debekua jaso zuen, baina hasieran etxerik etxe, eta ondoren bere etxean klase partikularrak eman zituen.

70 urte bete zituen arte aritu izan zen eskolak ematen. Berak, ereindako haziak fruituak eman zituen; 1967an Zabalea Ikastola zabaldu zen, hasieran Juan Bautista Uriarte Eskolaurrea izenarekin. Sorkuntza horretan Plazakoetxeko ikastolan Monika Lekunberriren ikasle izandako hainbatek parte hartu zuen. Geroago Eguzkibegi ikastola ere sortu zen.

Galdakaoko udalak omenaldi bat egin zion 2015ean.[6]2015ean Zabalea parkea Monika Lekunberri parkea bihurtu zen herriko udalbatzak aho batez hartutako erabakiari esker. [7]

Bibliografia

  • Begoña Bilbao, Gurutze Ezkurdia, Karmele Perez Urraza, Josu Chueca: "EMAKUMEAK Hitza eta Bizitza". Euskal Herriko Unibertsitatea, 2012 , 246.or.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) Monika Lekunberri: andereño de varias generaciones en Galdakao | Historias de los vascos. (Noiz kontsultatua: 2017-06-09).
  2. Txema Castro. (2015-03-30). GALDAKAO RINDE HOMENAJE A MONIKA LEKUNBERRI. (Noiz kontsultatua: 2017-06-09).
  3. Josi Sierra Orrantia. (2014-04-07). Monika Lekunberri segun Antonio Zabala. (Noiz kontsultatua: 2017-06-09).
  4. «Galdakao - 1930» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-03).
  5. Josi Sierra Orrantia. (2014-02-16). Izan Zirelako Gara: Galdakaoko ikastolako oroimenak. (Noiz kontsultatua: 2017-06-09).
  6. Galdakao rinde homenaje a Monica Lekunberri. Youtube. (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  7. «Monika Lekunberriri bere lana aitortu diote» Bizkaiko Hitza 2015-01-30 (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!