Mikroplastiko


Mikroplastikoak 5 mm baino gutxiagoko luzera duten eta ingurumena kutsatzen duten plastikoak dira, Estatu Batuetako Administrazio Nazional Ozeaniko eta Atmosferikoaren (NOAA) arabera[1].

Mikroplastikoak

Gaur egun, mikroplastikoen sailkapenari dagokionez, bi motatakoak izan daitezkeela esaten da, primarioak edo sekundarioak. Primarioak produktu bat fabrikatzeko orduan zuzenean sortzen diren 5 mm-tik beherako plastikoak dira eta sekundarioak, aldiz, prozesu naturalen bitartez plastiko handiagoen degradazio prozesuetan askatzen diren 5 mm-tik beherako plastiko zatiak[2].

Iturriak hainbat izan daitezke, eguneroko bizitzan beharrezkoak diren prozesuen azpi-produktuak baitira, baina nagusienak kosmetikoak, arropa, arrantza-gaiak, prozesu industrialak eta orokorrean egunerokotasunean erabilitako plastikoen hondakinak dira.

Mikroplastikoak zeluletan barneratzean

Mikroplastikoen ezaugarrietako bat biodegradaezinak izatea da, eta zati txikiagoetan deskonposatzen dira. Prozesu horrek mikroplastikoak ingurumeneko ekosistemetan errazago sartzea ahalbidetzen du, eta organismo askok material horiek xurgatzen dituzte, izan elikagaien bidez, edo zuzeneko kontaktu edo aire bidez[3]. Organismoen barruan beren kontzentrazioa handitu egiten da, organismoak berak metatuz edo kate trofikoan metatuz. Horrela, kontzentrazio toxikoak gertatzen dira eta gaixotasuna edo heriotza eragiten dute.

Sailkapena

Mikroplastiko primarioak

Aurpegiko garbitzaileak eta kosmetikoak egiteko fabrikatzen dira gehienbat. Zenbait kasutan, medikuntzan erabili izan dira bektore farmakologiko bezala. Horretaz gain, beste prozesu industrial batzuetan erabiltzeko mikroplastikoak ekoiztu dira: adibidez, makinen, motoreen eta itasontzien kaskoetako oxidoa eta pintura kentzeko presiopeko airearen bidez mikrosplastikoak jaurtitzen dira[4].

Mikroplastiko sekundarioak

Hondakin handiagoen degradazio prozesuetatik eratorritakoak dira. Honen adibide dira Pazifikoko zabor uhartea osatzen duten plastikozko zati makroskopikoak[2]. Dituzten propietate fisiko eta biologikoek, eguzkiak eragindako fotodegradazioarekin batera, plastiko horien tamaina murrizten dute, begi hutsez detektaezinak diren tamaina izatera heldu arte. Mikroplastikoak zati txikiagoetan banatzeko prozesu horri  fragmentazio deritzo.

Non aurkitzen dira mikroplastikoak?

Airea

Aireak mikroplastikoak garraiatzen ditu eta atmosferan aireak garraiatutako mikroplastikoak aurkitu dira. Mikroplastikoak eta mikrozuntzak aurkitu dira elurretan eta mendi garaietako aire “garbian”, beraien jatorritik distantzia handira[5]. Hala ere, ur gezako eta lurreko ekosistemekin gertatzen den bezala, ikerketak egin behar dira aireak garraiatutako mikroplastikoen eragina eta garrantzia ulertzeko.

Ura

Mikroplastikoak sedimentuetan

Itsas-ekosistemetako mikroplastikoen kantitatea asko handitu da azken urteetan. Honen arrazoi nagusiak bi dira: alde batetik, giza hondakin asko dago eta, beste alde batetik, zaborra birziklatu eta leku berezietan uzteko ohiturarik ez dago. Hainbat tamaina, kolore eta konposizio kimiko ezberdinetako mikroplastikoak aurkitu dira, esaterako, zuntzak, zatiak, pikorrak, ezkatak, aparrak, xaflak…

Mikroplastikoak erabili ondoren, uretara heltzen dira eta ur araztegietako iragazkietatik pasatzen dira, baina duten tamaina txikiagatik baliteke iragazkia gainditzea eta itsasora iristea[6]. Hori kaltegarria da bertan bizi diren bizidunentzat, batez ere, filtrazaileentzat, ura filtratzean mikroplastikoak irentsi eta gaixotu egiten direlako.

Lurra

Lurzoruan dauden mikroplastikoen inguruan ikerketa gutxi egin dira, beraz, ez dago datu askorik oraindik, adibidez, uretako ekosistemen inguruan egin diren ikerketekin konparatuz[7]. Garbigailuetatik datozen mikroplastikoak lurrean gera daitezkeela uste da, ur-araztegietan dauden iragazkiek ez dituztelako mikroplastikoak guztiz ezabatzen.

Mikroplastikoen jatorria

Ingurumenean mikroplastikoak dauden edo ez uretako azterketen bidez aztertu ohi da. Azterketa horien artean daude plankton-laginak, harearen eta sedimentu lohitsuen analisia, ornodunen eta ornogabeen kontsumoaren behaketa, eta azterketa kimikoen ebaluazioa. Metodo horien bidez, ingurumenean hainbat iturritako mikroplastikoak daudela frogatu izan da.

Hondakin-uren araztegiak

Hondakin-urak tratatzeko instalazioek kutsatzaileak hondakin-uretatik (batez ere, etxeetako hondakin-uretatik) kentzen ditu hainbat prozesu biologiko fisiko eta kimiko erabiliz[8]. Tratamenduaren etapa nagusian, prozesu fisikoak erabiltzen dira, olioak, harea eta beste solido handi batzuk ezabatzeko. Horretarako, iragazkiak, klarifikatzaile konbentzionalak eta jalkitze-tangak erabiltzen dira. Bigarren mailako tratamenduak bakterioak eta protozooak inplikatzen dituzten prozesu biologikoak erabiltzen ditu materia organikoa deskonposatzeko. Lehen eta bigarren mailako tratamendu-faseetan mikroplastikoak detektatu dira.

Azterketa baten arabera, mikroplastikoen litroko partikula bat askatzen ari dira berriro ingurumenera, eta% 99'9ko eraginkortasuna dute ezabatzeko. 2016ko ikerketa batek erakutsi zuen mikroplastiko gehienak berez ezabatzen direla hustubide solidoa eta lohien asentamendua erabiltzen duten lehen mailako tratamenduaren fasean[8]. Tratamendu-instalazio horiek behar bezala funtzionatzen dutenean, ozeano nahiz gainazaleko uren inguruneetara ez da neurriz kanpoko mikroplastiko-kopururik iristen.

Ikerketa askok erakusten dute hondakin-urak tratatzeko plantek mikroplastikoen kontzentrazioa murrizten duten arren, gaur egungo aurrerapen teknologikoekin ez direla gai kutsatzaile horiek uretatik erabat ezabatzeko[9][10].

Ibilgailuen pneumatikoak

Pneumatikoen higadurak nabarmen eragiten dio inguruneko plastiko-fluxuari. Izan ere, airez, lurrez eta urez askatu daitezke, eta bektore horietan zehar garraiatuak izan. Danimarkan, esaterako, urtean 5.500 eta 14.000 tona mikroplastiko inguru isurtzen dira ingurumenera[11].

Kosmetika-industria

Enpresa batzuek osagai natural esfoliatzaileak mikroplastikoekin ordeztu dituzte, normalean "mikroperla" edo "mikro-esfolia" moduan. Produktu horiek normalean polietilenoz osatuta daude, plastikozko osagai arrunta dena. Dena den, polipropilenoz, polietilenozko tereftalatoz eta nylonez ere egin daitezke. Sarritan aurpegia garbitzeko produktuetan, esku-xaboietan eta norberaren zaintzarako beste produktu batzuetan egoten dira mikroplastiko horiek. Hondakin-urak tratatzeko plantek batez beste % 95-99'9 mikroperla baino ez dituzte ezabatzen, beren diseinu txikia dela eta. Horrek, batez beste, 0–7 mikropartikula uzten ditu litroko[12]. Munduko tratamendu-instalazioek egunean 160 bilioi litro ur deskargatzen dituztela kontuan hartuta, 8 bilioi mikropartikula inguru askatzen dira egunero ur inguruneetara[13].

Arropa

Arropan ere, ehun sintetikoak, hala nola poliamidak, nylonak, poliesterrak edo akrilikoak, garbiketa bakoitzean mikroplastikoak askatzen dituzte, eta mikrozuntz horiek ez dira iragaziak izaten, ez garbigailuen ez ur-araztegien bidez. Ehun sintetikoen etxeko eta merkataritzako garbiketak eragindako mikrozuntz plastikoen bidezko kutsadura da ozeanoetako mikroplastiko primarioen iturri nagusia (% 90), hainbat ikertzaileren arabera. Bestalde, askatutako mikrozuntzen kantitatea jantziaren konposizioaren, irutearen eta garbiketa-uraren tenperaturaren araberakoa da. Kontuan hartu beharreko beste faktore bat da, 2019an argitaratutako ikerketa baten arabera, mikrozuntzen askapena gutxitu egiten dela ondoz ondoko garbiketa kopuruarekin, eta nabarmen txikiagoa dela laugarren edo bosgarren garbiketaren ondoren[14].

Plastikozko ur-botilak

Ikerketa batean, 11 marka ezberdinetako botilaratutako uraren % 93ak kutsadura mikroplastikoa erakutsi zuen. Ikertzaileek, batez beste, litroko 325 partikula mikroplastiko aurkitu zituzten[15]. Iturrietako uraren aldean, plastikozko botiletako urak mikroplastiko bikoitza zuen. Kutsaduraren zati bat, ziurrenik, ura botilaratu eta paketatzeko prozesutik eta ura arazteko erabiltzen diren iragazkietatik zetorren[15].

Gizakiengan sortzen dituzten eraginak

Irenstean, 2'5 μm-tik beherako partikulak traktu gastrointestinalean sar daitezke Peyer-en plaketako M zelulen bidezko endozitosiaren bidez. M zelulek hesteetako lumen partikulak garraiatzen dituzte ehun linfoide mukosoetara edo garraio parazelularraren bidez. Ondorioz, toxikotasuna hanturaren bidez azaleratzen da, mikroplastikoen izaera iraunkorra, konposizio kimikoa, efektu metagarria eta propietate hidrofoboa direla eta[16]

Gizakien arnas-aparatuan nanoplastikoak eta mikroplastikoak daudela egiaztatu da, eta osasunerako kaltegarriak diren hainbat baldintzarekin lotu izan da, arnasketa-gaixotasunak eta hantura, besteak beste; baina ez dago jakiterik eragin zehatzak zeintzuk diren. 2019an, zientzialariek kalkulatu zuten pertsona batek urtean 39.000 eta 52.000 plastiko-partikula artean kontsumitzen duela, batez beste (nahiz eta kopuru hori aldakorra izan adin eta sexu ezberdinen artean)[17]. Dirudienez, zaila da ikertzen mikroplastikoek eragindako kausa-efektu erlazioa, izan ere, kutsatzailearekiko esposizioaren eta osasunari lotutako edozein efekturen arteko denbora luzea da.

Erreferentziak

  1. Crawford, Christopher Blair; Quinn, Brian. (2017). Microplastic pollutants. Elsevier ISBN 978-0-12-809406-8. PMC 949750262. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  2. a b (Ingelesez) Ghosh, Shampa; Sinha, Jitendra Kumar; Ghosh, Soumya; Vashisth, Kshitij; Han, Sungsoo; Bhaskar, Rakesh. (2023-07-10). «Microplastics as an Emerging Threat to the Global Environment and Human Health» Sustainability 15 (14): 10821.  doi:10.3390/su151410821. ISSN 2071-1050. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  3. (Ingelesez) CivilEats.com, Elizabeth Grossman /. (2015-01-15). «How Plastics From Your Clothes Can End Up in Your Fish» TIME (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  4. (Ingelesez) Patel, Mayur M; Goyal, Bhoomika R; Bhadada, Shraddha V; Bhatt, Jay S; Amin, Avani F. (2009). «Getting into the Brain: Approaches to Enhance Brain Drug Delivery» CNS Drugs 23 (1): 35–58.  doi:10.2165/0023210-200923010-00003. ISSN 1172-7047. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  5. (Ingelesez) Allen, Steve; Allen, Deonie; Phoenix, Vernon R.; Le Roux, Gaël; Durántez Jiménez, Pilar; Simonneau, Anaëlle; Binet, Stéphane; Galop, Didier. (2019-05). «Atmospheric transport and deposition of microplastics in a remote mountain catchment» Nature Geoscience 12 (5): 339–344.  doi:10.1038/s41561-019-0335-5. ISSN 1752-0894. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  6. (Ingelesez) Fendall, Lisa S.; Sewell, Mary A.. (2009-08). «Contributing to marine pollution by washing your face: Microplastics in facial cleansers» Marine Pollution Bulletin 58 (8): 1225–1228.  doi:10.1016/j.marpolbul.2009.04.025. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  7. Rillig, Matthias C.; Ingraffia, Rosolino; de Souza Machado, Anderson A.. (2017-10-18). «Microplastic Incorporation into Soil in Agroecosystems» Frontiers in Plant Science 8  doi:10.3389/fpls.2017.01805. ISSN 1664-462X. PMID 29093730. PMC PMC5651362. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  8. a b (Ingelesez) Carr, Steve A.; Liu, Jin; Tesoro, Arnold G.. (2016-03). «Transport and fate of microplastic particles in wastewater treatment plants» Water Research 91: 174–182.  doi:10.1016/j.watres.2016.01.002. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  9. (Ingelesez) Pol, Wojciech; Żmijewska, Angelika; Stasińska, Emilia; Zieliński, Piotr. (2022-04). «SPATIAL–TEMPORAL DISTRIBUTION OF MICROPLASTICS IN LOWLAND RIVERS FLOWING THROUGH TWO CITIES (NE POLAND)» Water, Air, & Soil Pollution 233 (4)  doi:10.1007/s11270-022-05608-7. ISSN 0049-6979. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  10. (Ingelesez) Balla, Alexia; Mohsen, Ahmed; Gönczy, Sándor; Kiss, Tímea. (2022-10-26). «Spatial Variations in Microfiber Transport in a Transnational River Basin» Applied Sciences 12 (21): 10852.  doi:10.3390/app122110852. ISSN 2076-3417. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  11. Microplastics: Occurrence, effects and sources of releases to the environment in Denmark. The Danish Environmental Protection Agency ISBN 978-8793352803..
  12. (Ingelesez) Anderson, A.G.; Grose, J.; Pahl, S.; Thompson, R.C.; Wyles, K.J.. (2016-12). «Microplastics in personal care products: Exploring perceptions of environmentalists, beauticians and students» Marine Pollution Bulletin 113 (1-2): 454–460.  doi:10.1016/j.marpolbul.2016.10.048. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  13. (Ingelesez) Rochman, Chelsea M.; Kross, Sara M.; Armstrong, Jonathan B.; Bogan, Michael T.; Darling, Emily S.; Green, Stephanie J.; Smyth, Ashley R.; Veríssimo, Diogo. (2015-09-15). «Scientific Evidence Supports a Ban on Microbeads» Environmental Science & Technology 49 (18): 10759–10761.  doi:10.1021/acs.est.5b03909. ISSN 0013-936X. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  14. (Ingelesez) De Falco, Francesca; Di Pace, Emilia; Cocca, Mariacristina; Avella, Maurizio. (2019-04-29). «The contribution of washing processes of synthetic clothes to microplastic pollution» Scientific Reports 9 (1)  doi:10.1038/s41598-019-43023-x. ISSN 2045-2322. PMID 31036862. PMC PMC6488573. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  15. a b Mason, Sherri A.; Welch, Victoria G.; Neratko, Joseph. (2018-09-11). «Synthetic Polymer Contamination in Bottled Water» Frontiers in Chemistry 6  doi:10.3389/fchem.2018.00407. ISSN 2296-2646. PMID 30255015. PMC PMC6141690. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  16. (Ingelesez) Wright, Stephanie L.; Kelly, Frank J.. (2017-06-20). «Plastic and Human Health: A Micro Issue?» Environmental Science & Technology 51 (12): 6634–6647.  doi:10.1021/acs.est.7b00423. ISSN 0013-936X. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
  17. (Ingelesez) Cox, Kieran D.; Covernton, Garth A.; Davies, Hailey L.; Dower, John F.; Juanes, Francis; Dudas, Sarah E.. (2019-06-18). «Human Consumption of Microplastics» Environmental Science & Technology 53 (12): 7068–7074.  doi:10.1021/acs.est.9b01517. ISSN 0013-936X. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!