Mikel Urkixo Aierdi (Zeberio, Bizkaia, 1981eko irailaren 18a) Euskara eta Literatura irakaslea eta idazlea da. Hustu artekoak poesia liburua kaleratu zuen 2022an maiteminetan ibilitakoari idatzitako poemez.[1]
Bizitza
Zeberion jaio zen. Aita portugaletetar Miguel Urkixo, ama zeberioztar Iluminada Aierdi, Olatxu tabernako alaba.
Zeberioko eskola publikoan egin zituen lehen ikasketak. Handik Laudioko institutura joan zen batxilergoa egitera. Euskal Herriko Unibertsitatean Soziologia ikasketak egin zituen lehenik eta Euskal filologian lizentziatu zen ostean. 2022tik Arratia BHI institutuan dihardu irakasle.[2]
Irakasle
Euskara eta Literatura irakaslea, bere ikasleak poesiara hurbiltzen saiatzen da. Libe Goitia poetaren hitzak horren lekuko:
Poesiaren lehen hurbilketa Bigarren Batxilergoan izan zen, ia txiripaz. Euskarako klasean, eduki genuen irakasle bat poemei buruz hitz egin ziguna, baina abestien bitartez. Iruditzen zait askotan berbak abestien bitartez errazago heltzen direla pertsonengana, eta uste dut horregatik hasi nintzela idazten, heldu zitzaidan moduagatik.[3]
Idaztera ere animatzen ditu ikasleak eta bat baino gehiago dira Urruzuno literatur lehiaketan sarituak izan direnak. Urruzunotarrak Arratian ekitaldirako Mikelek idatzi zuen Idatziaren garrantziaz testuan honako hau irakur daiteke: [4]
... argi izan behar dugu idazteak eta arteak, sormenak azken batean, behar dutela izan Hezkuntzaren zutabeetako bat. Gure ikasleak sorkuntzara bideratu behar ditugu. Horretan, geuk ere -irakasleok- badugu egitekorik. PASIOA jarri behar zaio artea eta literatura irakasteari. Ikasleak harrapatu. Ez da erraza. Eta ez ditugu denak harrapatuko. Idazleak eta artistak "rara avis"ak, gutxi batzuk, izaten baitira. Baina sentsibilitate berezia duten horiek lagundu behar ditugu. Eta ez dago formula bakarra. Nork bere liburuxka erabiliko du, eta denak dira zilegi. Baina liburuxka edo formula guztiek oinarri berbera izan behar dute: PASIOA. PASIOA hizkuntzarekiko, letrekiko.[4]
Idazle
Zer edo zer idatzi izan du, baina oso gauza txikiak izan dira, "balio literariorik gabekoak" bere esanetan. 2021eko Gabonetan izandako makalaldi baten ondorioz, idazteari ekin eta literaturara salto egin zuen 2022an.[5] Sei edo zazpi hilabetez kaxoi batean baztertuta izan ondoren, garai ilunetan “bulkadaz eta desesperazioz” idatzitako 40 poemak argitaratzea erabaki zuen, eta Hustu artekoak liburu autoekoitzia izan zen emaitza. Berez, desamodioari lotutako olerkiak biltzen ditu lanean, baina guztiak ez dira maitasun harremanetan izandako esperientziak, eta are gutxiago, idazlearen bizipen pertsonalak.[2]
Liburuko olerkiak lauzpabost egunetan idatzi zituen, eta bere buruari esaten zion: “Ez irakurri, irakurtzen badituzu, denak ezabatuko dituzulako”. Eta horregatik utzi zituen sei edo zazpi hilabetez kaxoi batean, irakurri gabe, argitaratzea erabaki zuen arte.[6]
Hasieran 150 ale atera eta inguruan saltzen hasi ziren, baina Elkarrek liburua eskatu eta baiezkoa eman zien.[5][7]
Argitalpenak
- Hustu artekoak (Erroteta 2022)[7]
Erreferentziak
Kanpo estekak