Mikel Aiestaran Elizalde (Pasaia, 1910eko irailaren 29a - 1992ko otsailaren 1a), futbol munduan Aiestaran bezala ezaguna, 1930. hamarkadako nazioarteko euskal futbolaria izan zen. Bere bizitza profesionala Donostiako Real Sociedad taldearekin lotuta egon zen.
Biografia
Mikel Aiestaran Pasaian (Gipuzkoa) jaio zen, 1910ean. Futbolean lehenengo urratsak herriko taldean eman zituen, Pasayako Lagun Ederrak taldean alegia, Pasai Antxo barrutikoa. 1929n, 19 urte bete gabe, Real Sociedad taldeak fitxatu zuen. Erdilari moduan jokatu zuen, nahiz eta defentsa moduan aritzeko gauza izan. Buruko jokuan eta tiro indarrean zituen bere ezaugarri nagusiak. Azkarra zen, bestetik. Futbol profesionalean Aiestaranek bere lanbidearekin lotzeko arazoak izan zituen; bere lanbidea ardo eta olio enpresa batean gerentearen postua zen eta, entrenamenduetara edo kanpora joateko garaian, beti desorduetan ibili behar zuen.
Errealekoan, 1913tik Donostia FC, zazpi denboraldi aritu zen. 169 partidu ofizialak jokatu zituen eta 15 gol sartu zituen; horietatik 95 partidu eta 7 gol lehenengo mailan izan ziren. Errealarekin lortu zuen arrakasta nagusia 1930-31ko Ligan hirugarren postua izan zen (puntuekin lehenengoarekin berdinduta). 1933an Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuten.
1933an, 22 urte zituelarik, Espainiako Selekziora deitu zioten. Partidu bakarra jokatu zuen, Frantziako Selekzioaren aurka. Partidua apirilaren 23an izan zen, Parisko Colombesko Stadiumen. Frantziak 1-0 irabazi zuen. Antza denez, Aiestaranek gaizki jokatu zuen.[1]
1935an, Erreala, Donostia FC izenarekin, Bigarren mailara jaitsi zen. Talde horrekin azken denboraldia urte horretan jokatu zuen. Espainiako Gerra Zibilarekin batera bere ibilbidea amaitutzat eman zuen. 19139an, nahiz eta bakarrik 29 urte izan, futbola utzi zuen.
Taldeak
Tituluak
Erreferentziak
Kanpo estekak