Mihi-arrainaren goikaldea hondar kolore ilunekoa izan ohi da, inguruarekin ongi mimetizatzeko balio duena. Itsas-hondoarekin kontaktuan dagoen aldea berriz, zuria izaten da. Burua txikia eta borobildua da, begi txikiekin[4]. Aleta pektoralean orban ilun nabarmena izaten du[4].
Arraindegitan gopatzen ditugun mihi-arrainek normalean 30 zm inguru izaten dituzte[ArgitaratuGabe 2], nahiz eta handiagoak ere harrapatu ohi diren[5].
Hareako mihi-arraina (Pegusa lascaris): Mihi-arrain arrunta beste espezie honekin sarritan nahastu ohi da, bai lonjatan baita arraindegietan ere. Hala ere, hareako mihi-arrainak kolore argiagoa du, zurbilagoa da eta puntu beltzak ditu gorputzeko alde dortsalean. Gainera, hareako mihi-arrainaren aleta pektoralak orban hori eta beltz nabarmena du, mihi-arrain arruntaren aletaren orbana beltza den bitartean. Hareako mihi-arrainaren ahoa begiratuz gero, bentosa borobil baten itxurakoa dela ikusiko dugu; mihi-arrain arruntak ordea, buruaren ertzeraino irekitzen den ahoa du. Edozein kasutan, mihi-arraina (arrunta) preziatuagoa da gastronomian, eta beraz, hareako mihi-arraina baina garestiago saldu ohi da arraindegietan.
Zola edo azedia (Dicologlossa cuneata): Arrain zapal hau askotan nahastua agertzen da, mihi-arrain arrunten kutxatan. Hala ere, ez da hain ohikoa arraindegietan espezie honekin nahastea, zolaren merkatu balioa askoz txikiagoa delako. Zolaren gorputza luzeagoa da, ez hain zabala, eta lerro lateral nabarmena du alde dortsalaren erdialdean, gorputz osoa zeharkatuz.
Nutrizio-ezaugarriak
Mihi-arrainak duen gantz kantitate baxuagatik (zati jangarriaren %2), arrain zuria da[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]. Bere haragi preziatua dela eta, askotan erabili dute sukaldaritzan[6]. Ongi sukaldatuz gero, dieta hipokalorikoentzat oso baliagarria den arraina da[7]. Proteina eta bitamina kantitatea ez da handia, baina bai balio biologiko altukoa. Mineralei dagokienez, aipatzekoak dira bere haragiak dituen selenio, fosforo, eta iodo kantitateak[7].
Kontsumo-garaia
Urte osoan zehar harrapatu daitekeen arren, neguaren amaiera aldera erruten dutenez, Martxoa-Apirila aldera nahiko ugariagoa izaten da arraindegietan, eta baita udazken aldera ere, errute garaia gerturatu ahala (Urria-Abendua) erreboiloak kostaldera hurbiltzen baitira. Edozein kasutan, udan ere harrapaketa puntualak ematen dira[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].
Hondo hareatsu edo lohitsuetan bizi da, askotan harekin erdi-estalita egon ohi delarik, aho paretik igaro daiteken harrapakin txikien zai; horrela, arrain txiki, krustazeo nahiz ornogabebentonikoz elikatzen dira[4]. Mihi-arrainek kolorazioa aldatu dezakete, inguruko hondarraren kolorearekin mimetizatzen direlarik.
Mihi-arrainaren arrantza Euskal Herrian
Eguneko arrainaz ari bagara, artisau-arrantzaleek sareak (hala nola, mallabakarra edo tresmaila) erabiltzen dituzte mihi-arrainak harrapatzeko[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]. Hala ere, arraindegietan ohiko arraina izanik, mihi-arrain asko arraste-arrantzarekin harrapatutakoa izaten da.
Bitxikeriak
Begien migrazioa
Arrain zapal gehienen kasuan bezala, larbak jaio eta hainbat astetara, gorputza zapaltzen hasten denean, begiek albo bakar batera migratzen dute. Une horretan arraina itsas-hondotik gertu bizitzera pasatzen da, kokapen horizontal horretan egingo duelarik bizi osoa. Horrela, hondoarekin kontaktuan egongo litzateken begia (ezkerrekoa), eskuinaldera mugitzen da, garapenaren fase goiztiarretan; hortzak ordea, alde itsura mugitzen dira[4].
Akuakultura
Andaluzia eta Galizianakuakulturarako aukera handien artean kokatu dute espezie hau azken urteotan, nahiz eta oraindik arazo ezberdinak direla medio, ez den halako ekoizpen handirik lortu[4].
↑ abAranzadi Unamuno, T. (1933) Nombres de peces en Euskera. Don Fernando de Buen; Boletín de la Sociedad Española de Historia Natural. Revista Internacional de los Estudios Vascos (24), 386-397.