Miguel Javier Urmeneta Ajarnaute (Iruñea, 1915eko azaroaren 26a - Iruñea, 1988ko ekainaren 12a) nafar militar, politikari eta euskaltzalea izan zen. 1957-1964 bitartean Iruñeko alkatea eta 1964-1971 bitartean Nafarroako Foru Diputatua izan zen.
Ramon Urmeneta arkitekto eta artistaren anaia, eta Asisko Urmeneta eta Mikel Urmeneta komikigile eta ilustratzaileen aita izan zen.
Biografia
Salamancako Unibertsitatean zuzenbidea ikasi zuen. EAJko militante abertzalea izanagatik, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Tercio del rey izeneko errekete erregimentuan sartu eta Somosierrako frontean borrokatu zen. Gerra amaitu zelarik infanteria kapitaina zen[1]. Ondoren Dibisio Urdinean sartu eta Errusian gudukatu zen[2]. Guadalajara eta Zaragozako akademietan karrera militarra egin, eta Estatu Batuetan ikasketak sakondu zituen[1].
1953-1982 bitartean Iruñeko Udal Aurrezki Kutxaren zuzendaria izan zen. 1957tik 1964ra Iruñeko alkatea izan zen. Urte horietan hiriak Nafarroako Unibertsitatea eraikitzeko lur sailak eman zituen eta Espainiako Armadaren eskuetan zegoen zitadela berreskuratu zuen[1]. 1964an Foru Diputatu hautatu zuten, karlisten hautagaitzan[2]. 1977ko hauteskundetara Frente Navarro Independienterekin aurkeztu zen, arrakastarik gabe[3].
Kultur eragilea
Humanista, kulturaren maitalea, bokaziozko margolaria, Urmenetak gaztetatik bere sentitu zituen Euskara (gaztetan ikasi zuen hizkuntza) baita euskal folklorea ere.
Iruñeko Udal Aurrezki Kutxaren zuzendaria zelarik, Rio Arga, Navarra eta Xalbador, gaztelaniazko eta euskarazko literatura sariak sortu zituen. Aurrezki-erakundearen zuzendaritzapean, García Castañón kaleko Arte Aretoak, Rodezno kondearen plaza eta Baiona etorbidea ere inauguratu ziren. Zenbait lan pertsonalekin parte hartu zuen erakusketa ugaritan, bereziki García Castañóngo Aretoan.
1950eko hamarkadan, Estanislao Arantzadi eta Luis Arellanorekin batera, euskararen aldeko politika duina eskatu zion Nafarroa Foru Aldundiko presidenteari. Horren ondorioz, Euskeraren Aldeko saila sortu zen Vianako Printzea Erakundearen barnean[4]. Ondoren izan zituen karguetan, Urmeneta euskara eta euskal kultura sustatzen saiatu zen beti.
1976an Rio Arga aldizkaria sustatu zuen (Iruñeko kutxarekin batera) baita Arga (gaztelaniazko poesia), Navarra (gaztelaniazko prosa) eta Xalbador (euskarazko prosa eta poesia) sariak sortu zituen 1984an Iruñeko Euskalerria irratiaren sortzaileetako bat izan zen. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen.
1977an, Udako Euskal Unibertsitatearen udako ikastaroak Iruñean egitea lortu zen, lehenengo aldiz Hego Euskal Herrian, neurri handi batean orduan Urmenetari esker.[5]
Liburuak
- Los Sanfermines, Iruñea, 1982.
- Crónica de los sanfermines, Iruñea, 1983. Pedro Salaberrirekin batera.
- Los gigantes de Pamplona, Iruñea, 1984.
- Las memorias de mis tres años, Iruñea, 1989.
Erreferentziak
Kanpo estekak