Beijerinck landareen patologiak aztertzen hurbildu zen mikrobiologiara. Hala ere, itzal handiko mikrobiologoa bihurtu zen, Louis Pasteur edo Robert Koch-en tamainakoa. Birusen arloan egindako lan aitzindariaz gain, nitrogenoaren finkapen biologikoa aurkitu eta aztertu zuen, landare lekadunekin lan eginez.
Hirugarren ekarpen bat zor dio mikrobiologiak Beijerinck-i: hazkuntza-inguruneen hobekuntza. Mikrobiologo holandarrak aberaste-medioak erabili zituen lehenengo aldiz bakterioak bakartzeko. Hazkuntza-inguru eta inkubatze-kondizio egokiak jarriz, Beijerinck-ek bakterioen kultura puruak lortu zituen lehenengo aldiz, laborategiko mikrobiologiaren oinarri teorikoak sendo finkatuz.
Nortasun hertsikoa, bizitza aszetikoa eraman zuen beti. Irakasle aritu zen Delft-eko unibertsitatean, eta bere nortasun zaila dela eta laguntzaile gutxi izan zuen inguruan.