Martin Zubeldia

Martin Zubeldia

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakMartin Zubeldia Inda
JaiotzaLizarra1880ko azaroaren 11
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaIruñea1974ko azaroaren 7a (93 urte)
Familia
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakapaiz katolikoa
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa
Erlijio-ordenaAnaia Txiki Kaputxinoen Ordena

Martin Zubeldia Inda (Lizarra, 1880ko azaroaren 11Iruñea, 1974ko azaroaren 7a), Gumersindo Lizarrakoa erlijio-izenaz ezaguna, nafar fraide kaputxinoa izan zen. 1936ko uztaileko Espainiako estatu-kolpean, bere ideia euskaltzaleak zirela eta, Zaragozara bidali zuten. Bertan fusilatuen kapilau bilakatu zen eta 2003an argitaraturiko Fusilados en Zaragoza, 1936-1939. Tres años de asistencia espiritual a los reos idatzi zuen.

Bizitza

Martin Zubeldia Lizarran jaio zen, 1880ko azaroaren 11n. Iruñeko seminarioan eta Oloteko eta Arenys de Marko eskola serafikoetan egin zituen ikasketak. Gumersindo Lizarrakoa hartu zuen erlijio-izentzat. Zangoza, Altsasu eta Hondarribiko komentuetan jardun ondoren, Iruñeko Harresiez kanpoko kaputxinoen komentura bidali zuten 1918an. 1929-1931 bitartean, Jakako kaputxinoen komentua sortzeaz arduratu zen.[1][2] Bertan, Fermín Galán eta Ángel García Hernándezen fusilamenduaren lekukoa izan zen.[3]

Iruñeko komentuan zegoen 1936ko uztaileko estatu-kolpea gertatu zenean. Igande batez, Utergatik bueltan, hilotz batzuk erdi-ehortzirik ikusi zituen Erreniegako gainean; ikuskari hark biziki hunkitu eta higuindu zuen.[4] Ondorengo asteetan kritikatu zituen, nagusiaren aurrean, ikusten eta entzuten zituen basakeriak, eta erlijio jendearen gupida aldarrikatu zuen. Nagusiak ez zuen gogoko, eta arduradun militar eta politiko berriek ere ez. Beraz, Zaragozako Torrero auzoko komentura bidali zuten irailean. «Han nahiago», aitortu zuen Gumersindok, «hemen, zelatari eta akusatzaile faltsuen artean baino».[5]

Eritetxeko eta espetxeko laguntza espiritualaren ardura eman zioten Torreron.[3] 5.200 preso zeuden orduan Zaragozako presondegian, nahiz eta 200 lagunentzako-edo prestatua izan. Gehienak, arrazoi politikoengatik atxilotuak. Gumersindok egunero egiten zuen bisita: instantziak bete, barkamen eskaerak bideratu, kalean biltzen zituen diru ekin janari eta arropak erosi... Estatu-kolpea gertatu eta hamar hilabete geroago, epaitegi militarrak eratu ziren eta Torreroko hilerriko horman presoak fusilatzeari ekin zioten.[4] Presoen kapilaua osasunez makal zebilela-eta, hiltzera zihoazenak berak konfesatuko zituela agertu zuen Gumersindok. Eskaintza gogotik onartu zioten.[5] 1937ko ekainaren 22an hasi zen eginkizun horretan.[4]

1937tik 1942ra 300 preso baino gehiago konfesatu zituen. Gauean beti; goizaldera izaten ziren fusilamenduak, hilerriko hormaren aurka. Komentura bueltan, oharrak hartzen zituen, ahal zuenean. Aldarteak uzten zionean. Bere kaiera txikian sentimendu eta gogo guztiak errenditzen zituen.[5][6]

« Apenas zegoen han gaizkilerik. Garbi ikusten ari naiz fusilatu gehienak munta gutxikoak direla gehienbat eta, asko, errugabeak. Benetako gaizkileek herrietatik alde egiten zuten Francorenak sartu ahala, eta hortik etortzen ziren gero mendekuak, askotan errugabeen aurka... Epaiketa sumarisimoen garaiotan, ez dago denborarik, ez jenderik benetako defentsa egin ahal izateko. »

Fusilamenduak izugarrikeria izan ziren. Hilerriko horman taulak jarri behar izan zituzten, tiro solteek hilarriak koskatzen baitzituzten. Soldaduek beti gaizki apuntatzen zuten, eta bost eta sei aldiz egin behar izan zuten, behin baino gehiagotan, azken tiroa. «Nik uste dut nahita egiten zutela», idatzi zuen, «gora egiten zuten tiro, edo lurrera, edo hormara». Komentua presondegitik kilometro eta erdira zegoen. Gumersindok hartu zuen familiarrei idazteko ardura, hala eskatzen baitzioten presoek. Idatzi zien ia denei, eta jaso zituen trukean erantzunak.[5][6]

1939an, osasunez gaizki zegoela-eta, Pirinioetara bidali zuten denbora batez, giro epelagora. Han, Sallent de Gallegon, preso zeuden bi mila gudari, eta meza ematen zien, igandero. Bermeoko preso batek egin zion aldarea. «Niretzat ez zarete preso garaituak. Zuek, niretzat, ni bezalakoak zarete, ni egin ninduen esku berek egin baitzintuzten». Herriko tabernan bere kontura nahi zutena hartzeko esaten zien. Gero eskupekoekin ordaintzen zuen kontua.[5][6]

1942 arte egon zen Torreroko komentuan. Gerra amaitu arren, fusilamenduak ez ziren eten.[7] Iruñeko Harresiez kanpoko komentura itzuli zelarik, oihartzuna izan zuen zenbait kaputxinoren artean haren egutegiak. Oharrak txukuntzeko eskatu zioten lagunek, eta hala egin zuen. «Orri hauek, noizbait, jendearengana iritsiko balira, ez lirateke alferrikako; alderantziz, pizgarri, nire ustez» idatzi zuen Gumersindok.[6] Eskuizkribu originala Markos Leitzakoa bere lagunaren esku utzi zuen, Argentinan argitaratzen saia zedin. Espainiako enbaxadak eta Argentinako Elizak asmo hori zapuztu zuten.[4] 1970eko hamarkadan dokumentua -gerrari buruz idatzi den gogorrenetakoa- eskuz esku ibili zen, baina ez zen 2003 arte argitara eman.[6]

Gumersindo Iruñean hil zen, 1974ko azaroaren 7an. 2014ko martxoaren 31n, Zaragozako Udalak aho batez onartu zuen Torreroko hilerriko plaza bati haren izena jartzea.[7]

Idazlanak

  • Fusilados en Zaragoza, 1936-1939: tres años de asistencia espiritual a los reos., 2003, Mira Editores, ISBN 9788484651345

Erreferentziak

  1. Estella, Gumersindo de. Gran Enciclopedia Navarra, enciclopedianavarra.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
  2. Arozamena Ayala, Ainhoa. Zubeldia Inda, Martín. Auñamendi Entziklopedia [on line], aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
  3. a b Una oración antes de morir. Heraldo de Aragón egunkaria, 2013/10/26 (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
  4. a b c d Gonzalez Gil, Ana. Padre Gumersindo de Estella: Fusilados en Zaragoza, 1936-1939. Tres años de asistencia espiritual a los reos. Huarte de San Juan. Geografía e Historia, 22, 2015, academica-e.unavarra.es (Noiz kontsultatua: 2019-11-26).
  5. a b c d e Barandiaran, Alberto. Gumersindoren paperak (1). Euskaldunon Egunkaria, 2003ko otsailaren 16a, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-26).
  6. a b c d e Barandiaran, Alberto. Gumersindoren paperak (2). Euskaldunon Egunkaria, 2003ko otsailaren 16a, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-26).
  7. a b (Gaztelaniaz) Junquera, Natalia. (2014-4-1). «Una plaza para el cura que presenció 1.700 fusilamientos» El País (Noiz kontsultatua: 2019-11-26).

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!