Margarita Maria López Maturana, bataio izenez Maria Pilar (Bilbo, Bizkaia, 1884ko uztailaren 25a[1] – Donostia, Gipuzkoa, 1934ko uztailaren 23a)[2] klausurako moja eta Berrizko Mesedeetako Misiolarien sortzailea izan zen.[3][4]
Moja egin zenean, Margarita María izena hartu zuen, Berrizko (Euskal Herria, Espainia) Vera Cruz komentuko "Ama Mertzedaria" izan zen, misioei Mesedeetako Ordena ireki ziena. Bilboko Santiago katedralean beatifikatu zuten 2006ko urriaren 22an. 1987ko martxoaren 16an, Joan Paulo II.a aita santuak bere bertute heroikoen adierazpena sinatu eta beneragarri aldarrikatu zuen.[5]
Bizitza
María Pilar Lopez de Maturana Bilbon jaio zen, Bizkaiko hiriburuan, 1884ko uztailaren 25ean. Aita, Vicente López de Maturana López de Gamarra, Uribarri Ganboakoa zen eta ama, Juana Ortíz de Zárate García de Mendoza, Arabako Margarita udalerrikoa. Erlijioan amaren jaioterriaren izena hartu zuen gerora. Aita merkataria zen Bilbon. Bost seme-alaba izan zituen bikoteak; Maria Pilar eta Leonor ahizpa bikia gazteenak izan ziren.[6] Neskatook jaio eta hurrengo egunean bataiatu zituzten Alde Zaharreko San Antonio Abad elizan, herritarren artean San Anton izenez ezagunagoa. Ahizpa bikia ere, Leonor, moja izan zen, baina Karitateko Karmeldarren Kongregazioan.
Moja ibilbidea
1900. urtean, 16 urte zituela, Berrizko Vera Cruz komentuan Mesedeetako Ordenak zeukan ikastetxera bidali zuten (senargai itsastar batengandik urruntzeko). Hiru urte geroago, 1903ko abuztuaren 10ean Berrizko Mesedeetako mojen kongregazioan sartu zen Margarita María izena hartuta. Egun batzuk lehenago, bere ahizpa Leonor Gasteizko Karitateko Karmeldarren nobiziatuan sartu zen.
Mesedeetako Ordenaren klausuran barneratuta, ikastetxean zentratu zen eta misiolari izateko desioa piztu zitzaion, bere kide erlijiosoek eta ikasleek partekatu zutena, Berrizko ikastetxetik “misio-jarduera” ezberdinak martxan jarrita: misioekiko korrespondentzia, diru-bilketak, misiolarien hitzaldiak, etab.
1920an "Berrizko Mesedeetako Misiolari Gazteria" elkartea sortu zuen eta, haren ahaleginari esker, 1930ean klausurako komentua misiolarien institutu bilakatu zen.
1926an, Berrizko monako-kongregazioak klausura aldi baterako uzteko baimena eman zien, eta hiru misiolari-espedizio egin zituzten: bat 1926an Wuhura (Txina), beste bat 1927an Mariana uharteetara eta beste bat 1928an Karolina uharteetara eta Japoniara, non Margarita María sartu zen, komentuko komendadore gisa.[7]
Mesedeetako misiolariak
1930ean, komentuak misiolari institutu bihurtzea eskatu zuen, klausura utzita. Monako-komunitate osoak onartu zuen, 94 mojak, agintari erlijiosoek onartu zuten, Berrizko Mesedetako Misiolarien Institutua sortuta.[7]
1933ko abenduan hauxe idatzi zuen:
«Jesukristoren ezagutzak xurgatu egiten nau, eta pozez betetzen. Badirudi guztiak laguntzen duela, garai batetik hona, erredentzioaren misterioa argitzen, nire arimarentzat eta Elizarentzat dituen ondorio guztiekin. Eta gozamen berria, betea, sakona da, nire izate osoari egonkortasuna ematen dion egia sakonean errotua bezala sentiarazten nauena... Denak pozarren egiten du Jainko Aita guztiz maitagarriarengan baieztatzera, bere borondate askearengatik bere Semea gu erredentziotzera eta bere ordez bere adopziozko seme-alabak egitera bidaltzen gaituenean...»
1934ko uztailaren 23an Donostian hil zen, Euskal Herriko Gipuzkoa probintziaren hiriburuan, eritasun luze baten ondotik, 50 urte bete baino bi egun lehenago.
Aintzatespenak
Erreferentziak
Kanpo estekak