Errigoitiko Madalenbeko baserriko Luzia Etxebarria eta Ispasterko Fermin, baserrira ezkondu eta hantxe sortu zuten familia. Margarita izan zen haien lehen alaba.
Lehen urteak
Margarita Errigoitiko udaletxearen etxabean zegoen nesken eskolara joan zen gerra aurretik. Gaztelania izan zen eskolako hizkuntza bakarra. Sarri joaten zen Gernikara, astelehenetan, batik bat. Noizik behin Bilbora ere joaten zen, ama Bilboko jatetxe baten sukaldari lan egindakoa zenez, trenak eskaintzen zieten aukeraz baliatuz txangoak egiten zituzten Bizkaiko hiriburura.
Bonbardaketa
1937ko apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketa egunean, 15 urte zituen Margaritak. Astelehen horretako goizean, matxino faxisten alde borrokatu zuten hegazkin alemaniarrek Gerrikaitz eta Arbatzegi (Munitibar, gaur egun) suntsitu zuten egunean, etxetik ikusi zituen hegazkinak Oiz aldetik hurbiltzen.
Ikusitakoaren ondoren, beldurtu egin ziren eta amak Gernikako azokara bera bakarrik joatea erabaki zuen. Arratsaldeko laurak inguruan hasi zen erasoa. Hiru orduz estolda estu batean babestuta egon ondoren, gauez lortu zuen amak etxera itzultzea. Tartean etxekoak estu eta larri, eta larriago hurrengo egunetan frentea eta borrokak Errigoitira iritsi zirenean, izkutatuta, tirokatuta, etxaldea trintxeraz josia.