Margarita (Karlismoa)

Emakume eta haur karlistak Atarrabian, 1919an.
Margarita Borboi-Parmakoa. Margarita izena berari omenez aukeratu zuten.
María Rosa Urraca Pastor, Margariten antolatzailea.

Margaritak (Bitxiloreak) (Karlos Maria Borboi Austria-Estekoaren emaztea zen Margarita Borboi-Parmakoaren omenez horrela deituak) karlismoaren emakume-erakundeko partaideak izan ziren.[1] Nafarroa Garaian presentzia handia izan zuten baina baita Hegoaldeko beste lurraldetan ere.

Jantzia

Uniforme gisa, txapela zuri bat erabiltzen zuten, erreketeen gorriekin kontrastea egiten zuena; eta bitxilore bat, eskuarki eskuz brodatua.

Ereserkia

Baldomero Barón Rada eta Luis Aramaiona «Himno de las Margaritas» ereserkia idatzi zuten.[2]

Historia

1919ko apirilean "Asociación de Margaritas de Navarra" sortu zen Iruñean, karitatezko erakundea izateko hasierako ideiarekin. Hala ere, taldea 1931 arte ez zen garrantzia hartzen hasi, ongintzako erakunde katolikoetatik sektore politikoko partaide aktibo bilakatuz karlistek elkartea birfundatu zuten arte. Manuel Fal Condek, karlisten buruzagi ospetsuak, emakumeak errekrutatzeko margariteen lankidetza bultzatu zuen. Emakume horiek tradizionalistak izan behar zuten, eta, beraz, monarkikoak eta aktibista sutsuak.[3]

Gainera, ezkerreko botoen gorakadaren aurrean, karlisten buruzagiek jarduera politikoetan taldeari paper aktiboagoa ematea erabaki zuten, hala nola alderdiaren mitinetan eta bileretan parte hartzea.

Emakumeak irudikatuak izan ziren ideologia karlistaren zutabe nagusien gisa, aberria (espainiarra, jakina) eta erlijioa salba zitzaketen bakarrak. Hezkuntza margariteen zeregin nagusitzat hartu zen, familia karlisten seme-alaben hezkuntzaz arduratu behar baitzuten. Horren arabera, haurrak jaiotzen ziren familiak bisitatzea haien lan bat zen; haurra mutila ala neska zen kontuan hartuta, txapela edo bitxilorea oparitzea agindu zitzaien. Ondoren, jaioberria dagokion elkarteko kide gisa erregistratzen zen. Elkarte horietan, gainera, bazkideen beste seme-alaba batzuekin bilerak antolatzen ziren egunero, eta jarduera ludikoak sustatzen ziren, hala nola jolasak, dantzak...

Espainiako Gerra Zibilean

Margaritak ospitaletan eta beste laguntza-lan batzuetan aritu ziren matxinatuen aldean. Gerra-amabitxiak izatea bezalako misioak ere eman zitzaizkion, azken hau soldadu kolpistekin gutunak trukatzeko sortu zen figura bat zen, horrela fronte belikoaren baldintzetan gizonak psikologikoki sostengatzeko.[2]

Errepublikanoen aldean, berriz, beren jarrerengatik jazartu zituzten margaritak. Franco diktadoreak aldarrikatutako Bateratze Dekretuaren ondoren, Falangeak karlismoaren gaineko nagusitasunezko posizioa lortu zuen. Margariteei ez zitzaien Batasuna gustatu. Hala ere, dekretua onartu behar izan zuten; ondorioz, probintzietako ordezkariak falangistak ziren bitartean, Margaritek idazkaritza postuak hartu zituzten.[4]

Gaur egun, Margariten talde aktibo txiki bat dago, eskuin muturreko Comunión Tradicionalista Católica (CTC) alderdiko emakumeen saila gisa.[5]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

  • (Gaztelaniaz):[1] Antonio Moral, historiador de la UAH: 'Apenas hay estudios sobre el papel de las mujeres en el carlismo', Portal de Comunicación, 2021eko urriaren 29a.

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!