Maitasun kapitala 2023an Karmele Jaiok plazaratutako eleberria da. "Nobela-entsegu" hitzekin definitu du Mikel Asurmendik eleberria, egileak argumentua gai asko plazaratzeko erabili izan baitu. Egilearen hitzetan «Iruditzen zait fikzioak ere laguntzen digula normaltasunak estaltzen dituen gauza asko ikusten edo azaleratzen».[1] Berria irakurleen bozketan 2023ko gogokoena aukeratu zuten.
Gaiak
Asko dira liburuan azaltzen diren gaiak eta galderak. Jaioren hitzetan «Harremanak izateko modua alda daiteke, baina emakumeek eta gizonek duten rola aldatu al da? Nola maitatzen ari gara?». «Esango nuke nobela gonbidapen bat ere badela, irakurleak bere buruari zera galdetzeko: zure maitasunean, zuk maitatzeko duzun modu horretan, zer ezkutatzen da? Zer dago zure maitasun horren azpian?».[1] Emakumea zer da maitasunik gabe? Nola ikasi dugun maitatzen eta maitasunak nola eman dion zentzua gure bizitzari irakatsi diguten moduan, maitale bezala eta zaintzaile bezala.[2]
Argumentua
Bere maitalea izandako Martinen hiletan dago Olga. Bertan gogoratzen du berarekin bizi izandako pasio sutsua, gizonak duela urtebete utzi zuen arte. Oroitzapenetan murgilduta, Martinekiko bere mendekotasun emozionalaz ohartzen da, eta horrek agerian uzten dio, bere burua emakume aske eta ahaldundutzat bazuen ere, maitasunarekin beti izan duen kontraesana. Aldi berean, tesi bat zuzentzen dabil Olga irakaslea, emakumeei maitasuna euren bizitzako erdigunea izaten erakutsi zaien moduan sakontzen duena, horretarako Artearen eta Literaturaren historiako zenbait lanetan oinarrituz.[3]
Emakume ahaldundua eta kontzientziatua izan arren, liburuko protagonista bere bikotekideak abandonatzen duenean pott eginda geratzen da, eta galdera sortzen da orduan: zer da maitasuna gure bizitzetan? Nola konfiguratu gaituzte, beste alor guztietan pertsona independenteak izan arren, harreman sentimentaletan hain menpeko eta zaurgarri izateko?[4]
Pertsonaiek bizitako esperientziak eta bateko nahiz besteko artistek piztutako gogoetak tartekatuz, nobela anbiziotsu bat osatu du Karmele Jaiok, arin irakurtzen dena baina arrasto sakona uzten duena, nor bere buruari begira hausnarketara bultzatuz.[5]
Protagonista
Olga da kontakizuneko protagonista, Arabako Campuseko kultura zuzendaria, eta urte betean biziko duen harremanaren oldarra pairatuz, bere hankaperatzearen bidera eramaten gaitu idazleak bikainki. Unibertsitatea eskena den arren, Olga, irakaslearen bizipenen deskribapenek agintzen dute narrazio osoan zehar.
Fitxa teknikoa
- Egilea: Karmele Jaio Eiguren
- ISBN: 978-84-1360-360-5
- EAN: 9788413603605
- Argitaletxea: Elkar
- Edizio urtea: 2023
- Orriak: 240
- Tamainua: 215x140
Erreferentziak
Kanpo estekak