Britoierazko lynn llaith cau izenetik dator, "zulo hezeko aintzira" esan nahi du. Hasiera batean Linlithgow aintzira zen eta herria Lithgow bakarrik, baina denborarekin herriak lakuaren izena hartu zuen.
XII mendean errege jauregi bat izan zen bertan baina toki estrategikoa izanik Eduardo I.a Ingalaterrakoaren tropek gotorlekua ezarri zuten haren lekuan, the Peel izena eman ziotena. 1424an su handi batek gotorlekua erre zuen eta haren lekuan Linlithgow jauregia eraiki zuen Jakue I.a Eskoziakoak 1424an bertan. Eskoziako errregeen jauregia bihurtu zen eta hainbat errege erregina bertan jaio ziren, Jakue V.a eta Maria I.a.
Jauregiaren babesean herria eratuz joan zen. 1650 urtean Oliver Cromwellen armadak herriko eraikin esanguratsuenak suntsitu zituen, esate baterako udaletxea eta bidegurutzeko iturria. Gaur egungo udaletxeaa 1668an egindakoa da eta iturria aldiz James Haldanek diseinatu zuen 1807an eta herriaren ikurretako bat bihurtu da.
Gaur egun Edinburgh, Glasgow eta Stirling hirien lo-hiri bihurtu da, bereziki 1990 hamarkadan herrialdearen ekialdean eraikitako etxebizitza ugariek erakarrita egin du gora populazioak.