1925 urtean sortu zuten Sociedad Deportiva Lejona izenarekin. Amberesen, 1920ko Udako Olinpiar Jokoetan, zilarrezko domina lortu zuen Espainiar selekzioan baziren bi jokalari aurrez Leioan arituak zirenak, Félix Sesumaga (Bartzelonan ari zena) eta Sabino Bilbao (Athleticekoa), biak ere Lamiako auzokoak. 1942 eta 1944 urteetan Valencia CF taldearekin lehen mailako Pichichi izan zen Edmundo Suárez "Mundo" ere Leioan jokaturikoa zen. Taldea hamarkada horietan Bizkaiko txapelketetan aritu zen baina diru arazoen erruz 1950ean desagertu egin zen. Talde honek kamiseta granate eta urdina erabiltzen zuen eta praka beltzak.
1974an birsotu egin zuten Leioa Kirol Elkartea izenarekin. Bartzelonari eskutitza bidali zioten lagunta eskatuz et tale kataluniarrak bere ekipazio osoa bidali zien. Ibilbide guztia erregional maila desberdinetan egin ondoren 2008an hirugarren mailara igotzea lortu zuen eta 2014an Bigarren B mailara iritsi zen. Denboraldirik onena 2016-17 izan zuen, 5. postua lortu baitzuen, igoera play-offak jokatzetik puntu bakarrera geldituz.
Leioak emakumezkoen taldea eratu zuen 2000 urtean Sondika KE taldean aritutako jokalariekin. 2002an Euskal Liga irabazi ondoren Superligara igo zen. Dena den Urte horretan Athletic-ek bere babesean hartu zuen, eta talde bilbotarraren izenean lau liga irabazi zituen jarraian.
Gaur egun Leioako Emakumeak izenarekin talde propioa dauka eta Euskal Ligan jokatzen ari da.