Le Bourgeteko eskalada gunea izen bereko udalerrian (Sena Saint-Denis) eraikitako kirol gunea da, 2024ko Olinpiar Jokoen harira sortutako, bertan eskaladako olinpiar probak egiteko. Guneak kanpoko jardun lekua du, baita barrukoa ere, gimnasio bat baitu, Jokoen ondoren eskubaloi zelai bihurtzekoa.
Lekuaren hautua
Saint-Deniseko Igerileku Olinpikoarekin batera, Le Bourgeteko eskalada zentroa izan zen 2024ko jokoetarako berariaz eraikitako kirol ekipamendu bakarra.[1]Badminton eta boleibol probak birkokatu ondoren, hasieran Le Bourgeten aurreikusi baitziren, eskalada konpentsazio gisa eman zitzaion.[2]
Kokaleku berri horri esker, Le Bourgeteko kirol parkea berritu ahal izan zen.[3] Olinpiar jokoetako hedabideen herriarekin eta Paris-Le Bourgeteko Erakusketa Parkearekin lotuta dago, A1 autobidearen gainean eraikitako pasabide baten bidez.
Lanak Société de livraison des ouvrages olympiques enpresak egin zituen, lehiaketa leku guztiak diseinatu zituenak.[4]
Konfigurazioa
Eskalada gunea eraikitzeaz gain, kirol parkea guztiz birmoldatua izan zen. Hastapeneko 9 ha izatetik 13 ha izatera pasatuta, kirol azpiegitura berriekin aberastu zen. Eskalatzeko sei horma eraiki ziren Jokoetan eskalada probetarako. Horrekin batera, eskalada probetarako aldi baterako hiru horma gehitu ziren, kanpoaldean kokatuak, Jokoen amaieran kentzekoak, eta hiru horma gehigarri, entrenamendu eta berotze ariketak egiteko, bi kanpoaldean eta bat barruan, jarduera anitzeko gimnasio batean, kirol parkean gordetzekoak Jokoen ostean. Gimnasioa Jokoen ondoren egokitu zen, eskubaloi txapelketak hartu ahal izateko, tribunako eserleku kopurua 250 plazara murriztuta.[5]
Eskola gurea erabat berreraiki zen, bi eskola berrirekin (haur hezkuntza eta lehen hezkuntza): Jacqueline Auriol eta Jean Jaurès. 2023ko urtarrilean zabalduak.[6] Gunea osatzeko egin ziren gimnasio berri bat (Raoul Clerget gimnasio zaharraren ordezkoa),[4] bi futbol zelai, atletismo pista bat, teniseko 7 pista, petanka sail bat, haurrentzako parke bat eta igerileku komunitario bat.
↑(Frantsesez)«Écoles Jacqueline Auriol et Jean Jaurès»SOLIDEO - Société de livraison des ouvrages olympiques (web.archive.org) 2024-07-28 (Noiz kontsultatua: 2024-07-28).