Laura Frances Ainsworth (Blything Rural District, Suffolk, 1885 - 1958) maistra eta sufragista britainiarra zen. Women's Social and Political Union-eko (Emakumeen Elkarte Sozial eta Politikoa) langilea zen. Gose-greba batean bortxaz elikatu zuten lehen sufragistetariko bat izan zen. 1912an, WSPU utzi zuen, Pethick-Lawrence-ak baztertzearen aurka protesta egiteko, baina emakumeen boto-eskubidearen alde militatzen jarraitu zuen.
Biografia
Ainsworth Blythingen jaio zen (Suffolk), 1885ean. Hezkuntzako ikuskatzaile baten alaba zen, eta Salisburyn ikasi zuen, gero irakasle izateko. 1909an, Women's Social and Political Union-en (WSPU) lanaldi osoan lan egitea erabaki zuen.
Ainsworth Midlandsetako WSPUren jarduerak koordinatzeko kontratatu zuten, Gladice Keevilekin. 1909ko irailaren 17ko manifestazioan parte hartu zuen, Charlotte Marsh, Mary Leigh eta Patricia WoodlockBirminghameko Bingley Hall-en teilatura igo zirenean. Protesta egin zuten emakumeak bilera politiko batetik kanpo egotearen kontra agertzeko, non Asquith lehen ministro britainiarrak hitzaldi bat ematen baitzuen. Marshek, Leighek eta Woodlockek teilak bota zituzten Asquithen autoaren eta poliziaren aurka. Epaitu egin zituzten, eta Birminghameko Winson Green Prisonen bete behar izan zuten espetxe-zigorra ezarri zieten. Evaluine Hilda Burkittekin bertara iritsi zirenean, protesta-kantak abestu zituzten, eta espetxeko arropa eramateari uko egin zioten, preso politiko zirela onartzeko eskatuz.[1]
Ainsworthek Hugh Franklinekin (sufragista) topo egin zuen trenean, non Winston Churchill ere bertan ari baitzen bidaiatzen, eta, Churchillek sufragisten aurkako jarrera erakutsi zuenean, Franklinek aurre egin zion. Gertakari horren ondoren, Franklin atxilotu zuten, eta gose-greba hasi zuen kartzelan.
1910ean, Ainsworthek Woman's Press dendan egin zuen lan, eta WSPU antolatu zuen Kenten; gero, Newcastleko WSPU utzi zuen, mugimenduaren barruko zatiketagatik. Mary Adeilade Broadhurstek eta Margaret Milne Farguharsonek abiarazi zuten liga, eta, 1913an, Ainsworth NPLko idazkaria izan zen.
Bortxaz elikatutako lehen sufragista
Preso politiko gisa izan zuen tratu txarraren aurka protesta egiteko, Marshek eta Leighek gose-greba bati ekin zioten. Bortxaz elikatu zituzten lehen sufragista gose-grebalariak izan ziren. Ainsworth, jakina, bortxaz elikatzearen aurka agertu zen. Haiek askatu ondoren, Marion Wallace Dunlop lehen gose-grebalariari gutun ireki bat idatzi zion, bere esperientzia deskribatzeko. Ainsworthek honela deskribatzen zuen 1909ko urriaren 8ko Votes for Womenen nola sentitzen zen indarrez elikatua izan zenean: "Itolarri beldurgarri eta zorabio-sentsazio bat" izan nuen, eta, hodia kentzean, "nire barrualdea atera izan balitz bezala" sentitu nintzen. Aukera horretaz baliatu zen WSPU publizitatea egiteko, eta, kalte fisiko eta "nerdio-kalteei" buruzko txosten mediko baten ondoren, huts egin zuen legezko ekintza bat prestatu zuen Barne Gaietarako Estatuko idazkariaren eta haren izenean ziharduten espetxe-agintarien aurka. Ernest Helby doktoreak (berak elikatu zuen indarrez) Bulego Nazionalari idatzi zion Laura Ainsworthek eta Patricia Woodlockek kalean mehatxatu eta gero, leihoak hautsi zizkioten, baina poliziak babestu egin zuen.
Emakumeek ez badute kontatzen, orduan ez dira kontatuko
1911ko apirilaren 2a izan zen britainiar erroldaren gaua: gobernuak Erresuma Batuan bizi ziren guztien xehetasunak erregistratu zituen. WSPUk, desobedientzia zibileko kanpainaren barruan, erabaki zuen emakumeek “ez bazuten kontatzen, orduan ez zirela kontatuko”. Ainsworthek dantza-akademia batek erabilitako areto bat alokatu zuen Jazreel's Hallen (Gillinghameko Jezreel Dorrea izenaz ezagutzen den eromen erlijiosoa).[2] Ainsworth WSPUren laguntzarekin abiatu zen.
40 emakume baino gehiago bildu ziren han, erroldaren unean etxean ez egoteko. Hala ere, poliziari deitu zioten, eta errolden kontagailuak jaso eta emakumeak kontabilizatu egin zituzten.[3] Erroldan, hau adierazi zen: "Sufragisten Alderdia Dantza Akademian bildurik: 40, horietatik, gizon 1 eta 39 emakume", baina ez du zehazten nor zegoen han.
Omenaldiak eta goraipamenak
Laura Ainsworth eta Charlotte Marsh sufragisten atseden-etxea zen Eagle Housera gonbidatu zituzten (Batheaston), 1910eko apirilean, Mary Blathwayten eta haren gurasoenera. Lorpenak ospatzeko, zuhaitzak landatzeko gonbitatu zituzten sufragistak. Plaka batek gertaera bakoitza oroitarazten du. Altzifre bat landatu zuten Ainsworthek lortu zuena ospatzeko, eta Blathwayt koronelak hartutako argazki batek gordetzen du zeremoniaren oroitzapena.[4]
Ainsworthek WSPUk emandako Hunger Strike Medal bat jaso zuen, “ bere ausardiagatik”.
Azken urteak
Laura Ainsworthek WSPU utzi zuen 1912an, Pethick-Lawrence-ak mugimendutik baztertzearen kontra protesta egiteko.
1930eko hamarkadan, Royal British Legioneko (Britainia Handiko Errege Legioa) emakumeen atalean lan egin zuen; 1934an, Batzorde Nagusiko kide izan zen, Ingalaterrako ipar-mendebaldeko emakumeen sekzioko presidente eta ipar-ekialdeko League of Nations Unioneko ohorezko idazkari. Yorkshiren hil zen, 1958an.