Enpresa batean, langileen hautapena lanpostu jakin bat langile bati esleitzeko funtzioa da. Langileak hautatzeko prozesua sortu den lanpostuaren definizio zehatzarekin abiarazi behar da, lanpostu horretarako pertsona egokienaren ezaugarriak ere adieraziz. Ondoren, lanposturako hautagaien bilketa planifikatu behar da, lanpostu horretarako enpresa barneko pertsona bat (langile bat promozionatuz, alegia) edo kanpoko bat aukeratuko den erabaki ondoren. Lanposturako hautagaien bilketa enpresak berak dezake, edo kanpoko enpresa berezitu bati hautagaien bilketa lana esleitu. Enpresak berak egitekotan, langileak biltzeko modu zenbait dago:
- enpresari lan-eskabide bat egin diotenen zerrendan arakatuz;
- hedabideetan jarritako iragarkien bitartez;
- enplegu-ajentzia ofizialei edo beste erakundeei (unibertsitateak, lanbide heziketarako ikastetxeak, ...) bete beharreko lanpostuaren berri eman eta hautagai zerrenda bat eskatuz; edo zuzenean, ikasleekin egindako bilkura baten bitartez.
Lanposturako hautagaiak bildu ondoren, hautapena bera egingo da jasotako eskabideen artean froga ordenatu zenbaitetan zehar:
- hautagaien curriculum vitae delakoen azterketak osatzen du gehienetan hautagaien lehenengo iragazkia;
- azterketa psikoteknikoak eta azterketa praktikoak burutzen dira;
- zuzendaritza lanpostuetarako, hautagai-taldeak osatu eta beraien arteko dinamika aztertu ohi da;
- azkenik, lan-elkarrizketa bat eginez, hautagaiak enpresak eskatzen duen pertsona den egiaztatzeko;
- aurreko froga guztiak gainditu dituztenen artean, langile hoberena hautatzen saiatuko da enpresa.
Hautapen prozesuko fase batzuk kanpoko enpresa baten esku utz daitezke (azterketa psikoteknikoak, azterketa praktikoak, curriculumen azterketa), baina gehienetan lan-elkarrizketa eta azken erabakia lanpostua bete nahi duen enpresaren esku geratzen da.
Lanpostu bat bete nahi duten enpresa txikietan, langileen hautapena zuzendaritza nagusiaren eskumena izaten da; enpresa handietan, berriz, giza baliabideen saileko ardura izaten da.
Kanpo estekak