Juntadura

Maila bereko unitateak -perpausak, sintagmak...- elkartuta perpaus konposatuak (perpaus elkartuak), sintagma elkartuak... sortzeko prozedura sintaktikoa, alborakuntzaz edo juntagailu bidez gauzatzen dena.

Esaten da maila bereko edo estatus gramatikal bereko perpausak nahiz sintagmak lotzean sintagmak koordinatu egiten direla. Sarritan, ez da erraza izaten maila bereko izate hori zertan datzan jakitea. Esanahiaren aldetik begiratuta, izan ere, sarritan erlazio semantiko bera edo bertsua eman daiteke aditzera juntadura bidezko perpaus elkartu baten bidez eta txertakuntza bidez. Eta inolako perpaus elkartura iritsi gabe ere bai, jakina. Adibidez:

  • a. Azkeneko eguna da. Goazen guztiok dantzara. (Bi perpaus lokabe)
  • b. Azkeneko eguna da, ETA goazen guztiok dantzara. (Juntadura)
  • c. Azkeneko eguna deNEZ, goazen guztiok dantzara. (Txertakuntza)

Horra bi perpausen artean egon daitekeen erlazioa adierazteko hiru bide desberdin, eta hiruretan, nolabait, erlazio semantiko berbera: denetan, lehenbiziko perpausak, nola edo hala, bigarrenaren kausa, arrazoia edo dena delakoa aditzera ematen du. Bigarren perpausa, berriz, lehenbizikoaren ondorioa izango litzateke. Hori semantikaren ikuspegitik begiratuta, baina sintaxi-egituraren aldetik begiratuz gero, ez dago zalantza handirik: (a) adibidean, bi perpaus daude, lokabeak. Beraz, inolako gailu gramatikalik ez da behar. (b) adibidean, ostera, juntagailu bat dago bi perpausen erdian. (c)-n, txertakuntza dago, aditza atzizkiz hornitua ageri baita. Azken kasu horretan, gainera, (b)-n ez dagoen hierarkia sintaktikoa dagoela esan ohi da.

Juntadura-motak

Hiru juntadura-mota bereizi ohi dira jokoan sartzen den juntagailuaren arabera:

  • a. Emendiozkoa: ETA juntagailuaren bidez lortzen dena.
  • b. Hautakaritzakoa: EDO, ALA, NAHIZ eta ZEIN dira juntagailuak.
  • c. Aurkaritzakoa: BAINA eta BAIZIK dira juntagailu nagusiak.

Gramatiketan beste juntadura eta juntagailu berezi batzuk ere ageri dira. Adibidez, ordea, aldiz, eta antzekoak inoiz juntagailu adbertsatibotzat edo aurkaritzakotzat hartuak izan badira ere, lokailutzat hartzekoak dira. Gauza bera gertatzen da beraz, hortaz, eta antzekoekin. Holakoak, inoiz, ilatibotzat-edo hartuak izan dira, baina ez dute, berenez, inolako perpaus-elkarketarik bideratzen. Egiten duten bakarra da, edo jadanik juntatuak dauden perpausen arteko lotura horren xehetasunen bat eman, edo, bestela, juntadurara iristen ez diren bi perpaus lokaberen artean dagokeen lotura semantikoa zernolakoa den erakutsi, perpausak testu baten barruan, testuinguruan, ageri ohi baitira, eta, beraz, elkarren artean nolabaiteko «hari» bat izan ohi baitute.


Bestalde, juntagailu banakariez ere hitz egin izan da: bai... bai; ez... ez; dela... dela...; etab. Holakoak ez dira egiazko juntagailuak. Beste kontu bat da jakitea ea nolako egitura osatzen duten era horretako perpausek. Badirudi esapide zabalago mota baten barruan kokatzekoak direla: korrelazioen barnean.

Alborakuntza

Gramatiketan, juntaduraren parean alborakuntza edo justaposizioa deitzen dena ere jasotzen da. Alborakuntza juntagailurik gabe gertatzen den juntadura da:

  • a. Berandu da, etxera noa.
  • b. Txakurrak, katuak, oiloak,... denak nahasian zebiltzan han.
  • c. Nik diru gutxiegi dut, zuk gehiegi duzu.

Horrelako egiturak aztertzeko orduan, bi bide daude: a) edo bi perpaus lokabetzat hartzea, bata bestearen alboan kokatuak, edo b) Ø juntagailuaren bidez juntatutako perpaustzat hartzea. Hortaz, eta, edo eta abarren pareko litzateke Ø juntagailua.

Juntatu daitezkeen osagaiak

Juntagailuak perpaus-elkarketan erabiltzen dira, baina ez horretan bakarrik, perpausak ez baitira juntatu daitezkeen bakarrak. Bestelako osagaiak ere juntatu daitezke. Juntagaia edozein motatako osagaia izan daiteke. Baldintza bat bada, hala ere: juntagaiak kategoria berekoak izatea, mota berekoak, alegia. Adibidez, bi perpaus junta daitezke:

  • [Etorri da], eta [zigarro bat piztu du].

Bi izen-sintagma:

  • [Elefantea] eta [lehoia] ekarri dituzte zoora.
  • [Zuri] eta [niri] bost axola!

Bi adberbio edo postposizio-sintagma:

  • [Orain] eta [beti] gauzak horrela izan dira.
  • [Baserrian] eta [kalean] euskaraz desberdin egiten da.

Izen-sintagmaren barneko osagaiak ere juntatu daitezke (adjektiboak edo izenak):

  • Ikasle [isil eta langile]ak ditugu aurtengoak.
  • [Alkate eta diputatu] berriak lehendakariarekin bildu dira.

Bestalde, «bi» hitza aipatu da hor behin eta berriro. Baina hori ere ez da zuzena, zeren juntagaiak bi baino gehiago ere izan baitaitezke, bereziki eta eta edo direnean juntagailuak. Hala ere, juntatzen direnak bi baino gehiago izan arren, ez da beharrezkoa osagai guztien artean juntagailu bana kokatzea. Gehienetan, azken bi osagaien artean tartekatzea aski izan ohi da. Beraz, ondoko bi esaldi hauek biak dira zilegi:

  • a. Aitaren eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.
  • b. Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.

Ikus, gainera

Emendiozko juntadura, hautakaritza-juntadura, aurkaritza-juntadura.

Erreferentziak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!