Julián García Valverde (Madril, Espainia, 1946ko martxoaren 20a -) espainiar politikari eta ekonomista da.
Biografia
Ekonomia-ikasketak egin zituen, eta Espainiako Administrazioan sartu zen: Estatuko Ekonomisten Taldeko teknikaria izan zen 1976-1982 bitartean, batez ere industria- eta energia-alorreko enpresetan. Bere alderdiak, Alderdi Sozialistak, 1982an hauteskundeak irabazi ondoren, Industriako Institutu Nazionaleko presidenteorde izendatu zuten, eta Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeko beharrezko ziren industria-birmoldaketetan parte hartu zuen (Mediterraneoko Labe Garaiak, ontzigintza...). 1985ean RENFEren presidente hautatu zuten.
1991n, Gobernu berria osatzean, Felipe González presidenteak Osasun-ministerioko buru izendatu zuen, bertako finantza-arazoak konpontzeko asmotan, baina urte hartan bertan, RENFEko lursail batzuen salmenten irregulartasunaren arazoa argitara atera, eta 1992an Espainiako Diputatuen Kongresuan agertu behar izan zuen, azalpenak ematera. Lursailen esleipen-moduak argi geratu ez ziren arren, eta Gobernuko presidentearen babesa izan arren, urte hartan bertan dimisioa eman zuen, hedabideen presioa zela-eta. Espainiako gobernuak Londresko Enbaxadako merkataritza gaietarako aditu izendatu zuen.
2006an Madrileko Auzitegi Probintzialak RENFEko auzian errugabetzat jo zuen.
Erreferentziak