Julia Moran Sanchez (Blimea, 1896 - Vindoria, Langreo, Asturias, 1937ko azaroaren 26a), Julia Rico ezizenez ezaguna, militante sozialista eta Espainiako askatasunaren eta berdintasunaren aldeko ekintzailea izan zen, eta frankismoaren errepresioa jasan zuen.[1][2]
Biografia
Julia Asturiasko Blimea herrian jaio zen, San Martin del Rey Aurelio kontzejuan, 1896an.[1] 1918an ezkondu zen Ramon Rico Fernandezekin. Senarra 1930ean hil zen eta alargun geratu zen 4 seme-alabarekin.[3] Julia Rico deitzen zioten.[1]1932an, Pola de Lavianako Herriko Etxean etxebizitza eskubidea zuen atezain bihurtu zen, Langileen Batasun Orokorreko (UGT) Asturiasko Meatzari Langileen Sindikatuari esker. Gainera, militante sozialista zen, eta 1933an Emakume Talde Sozialistaren idazkari hautatu zuten. 1934ko urriko iraultzaren ondoren, Herriko Etxea itxi egin zuten, eta, ondorioz, Julia senarraren gurasoek hartu behar izan zuten, Fronte Popularraren garaipenaren ondoren Herriko Etxea berriz ireki zuten arte, 1936an.[3] Espainiako gerran, Asturiasen emakumeen talde sozialisten sustapena bultzatu zuen, eta atzeguardiaren abangoardian egon zen.[3][4] 1937ko maiatzean, Gijongo Langileen Zentroko osoko bilkurako buru izan zen.[3] Askatasunaren eta sexuen arteko berdintasunaren aldeko aktibismoak Bigarren Errepublikan protagonismoa onartzen ez zuten Espainiako Langileen Alderdi Sozialistako (PSOE) kideen ulertezintasuna ekarri zion.[1]
1937ko urrian, gerra zibilean Asturias erori ondoren, Pola de Lavianako etxe batean ezkutatu zen Julia.[1] Azkenean, azaroaren 25ean aurkitu eta atxilotu egin zuten, eta Lavianako La Pontona espetxera eraman zuten.[3][4] Epaitua izan gabe, kamioi batean eraman zuten Vindoriarantz, eta biharmunean, azaroaren 26an fusilatu zuten, beste 7 atxiloturekin batera —hiru gizon eta lau emakume—, tartean 8 hilabeteko haurdun bat.[1][5] Bizilagunen kontaketaren arabera, beste exekuzio batzuk izan ziren Vindorian eta San Esteban de las Cruces-en.[4]
Aintzatespenak
2010etik, Vindoriako Aldapan jarritako monolito batek Moran eta frankistek Vindoriako parajean hildako beste zazpi pertsonak dakartza gogora: Joaquina Antuña Moran, Rosario Montes Estrada, Jesusa Alonso Cantora, Angeles Norniella Rebollada, Jose Suarez Rodriguez, Luis Alonso Hevelino eta Alonso.[6] Urtero, azaroaren 26an, talde sozialistak omenaldia egiten die Cuesta Vindorian fusilatutakoei.[7]
Ikus, gainera
- Feminismoa eta Espainiako gerra zibila
Erreferentziak
- ↑ a b c d e f «Morán Sánchez, Julia» fpabloiglesias.es.
- ↑ «Mapa | Amiga Date Cuenta» www.amigadatecuenta.org.
- ↑ a b c d e Montagut, Eduardo. (2016-09-16). «Julia Morán Sánchez, socialista y feminista de Pola de Laviana» Tercera Información.
- ↑ a b c «Vindoria, la cuesta de los fusilaos» La Nueva España 2010-04-18.
- ↑ «Los franquistas ASESINARON en 1937 a 4 hombres y 5 mujeres, todos REPUBLICANOS, en la cuesta Vindoria, Langreo (Asturias)» RecueRda RepúBlica, documento memoria 2018-11-05.
- ↑ PELÁEZ, La Cuesta Vindoria, E.. (2016-11-27). «El PSOE rinde homenaje a los ocho asesinados de la Cuesta Vindoria» La Nueva España.
- ↑ «Nuevo acto vandálico contra el monolito de Cuesta Vindoria» rtpa.es.
Kanpo estekak