Julia Donaldson

Julia Donaldson (1948ko irailaren 16a, Hampstead, Londres) Erresuma Batuko haur literatura idazlerik oparo eta ospetsuenetako bat da. Batez ere haurrentzako istorio errimatuengatik da ezaguna, haietako asko Axel Schefflerrek ilustratutakoak. Haien artean, Grufaloa, Grufaloaren alaba eta A zer erratz fina, Pirulina, euskarara itzulitakoak. Antzerkirako, telebistarako eta beste komunikabide batzuetarako egokitutako obra ugari egin ditu, umeentzako hainbat kantu eta abesti ere bai. Bertsoetan oinarritutako lanengatik eta Axel Scheffler ilustratzailearekin egindako lankidetzengatik da ezaguna, eta bi hamarkada baino gehiagotan zehar garatu du bere literaturgintza. Haren liburuak hainbat hizkuntzatara itzuli dira.

Bizitza eta lana

Julia Donaldson familia artezale eta literaturazale batean jaio zen. Ama irakaslea zen, eta aita, eskola zuzendaria eta musika klasikoaren zale amorratua. Julia eta haren ahizpen baitan literatura eta musikarekiko zaletasuna errotzen saiatu zen txikitatik. Haurtzaroan, Juliak interes handia erakutsi zuen antzerkiaz, idazketaz eta kantagintzaz. Mary ahizparekin, txikitan egindako antzerki txikietarako testuak idazten zituen.

Juliak Camden School for Girls ikastetxean ikasi zuen eta gero Bristolgo Unibertsitatean sartu zen, Antzerkia eta Frantsesa ikasteko. Garai hartan, hizkuntzarekiko, erritmoarekiko eta arte eszenikoekiko maitasuna garatzeko aukera izan zuen, eta horrek eragin sakona izan zuen haren estilo literarioan.

Idazle-lanari ekin aurretik, Juliak hezkuntza-liburuen editore gisa lan egin zuen eta haurrei zuzendutako telebista saioetarako abestiak idatzi zituen. Abesti horietako bat, A Squash and a Squeeze, bere lehen haur liburua bihurtu zen 1993an, Axel Schefflerren ilustrazioekin. Lankidetza horrek emankortasun handia eduki du urteetan zehar Donaldsonen langintzan.

Malcolm Donaldson mediku pediatrarekin ezkonduta dago eta hiru seme-alaba dituzte. Bikoteak hainbat ekitalditan eta zuzeneko aurkezpen ugaritan parte hartzen du, kontakizuna, abestia eta antzerkia uztartuz haurrak eta helduak entretenitzeko. Gaur egun, Steyning-en bizi da, West Sussex-en, eta idazten eta jarduera literarioetan aktiboki parte hartzen jarraitzen du.

Grufaloa eta arrakasta literarioa

Donaldsonen ibilbideko jauzi handiena The Gruffalo (euskaraz, Grufaloa) liburuarekin iritsi zen, 1999an. Schefflerrek ilustratutako liburu honek sagutxo ausart baten istorioa kontatzen du; basoko harrapakarien janari ez bihurtzeko, Grufalo izeneko izaki beldurgarri bat asmatzen du. Halako batean, ordea, sagutxoa harrituta geratzen da Grufaloa benetan existitzen dela deskubritzean. Bertsoetan idatzitako kontakizunak eta ilustrazio bizi eta adierazkorrak arrakasta itzela ekarri zioten lan honi.

Lan honek 13 milioi kopia baino gehiago saldu ditu mundu osoan eta 100 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da, besteak beste euskara. Horrez gain, 2009an animaziozko film labur baterako egokitu zuten, eta Oscar sarietarako izendapena lortu zuen Animaziozko Film Labur Onenaren kategorian.

Estiloa eta gaiak

Julia Donaldsonen estiloan bereziki azpimarratu behar dira errima erakargarriak eta egitura errepikakorrak, bere liburuak haur nahiz helduentzat erakargarri egiten dituztenak. Bere istorioetan adiskidetasuna, ausardia, sormena eta buru-argitasuna jorratzen ditu. Gainera, pertsonaia ahaztezinak sortzeko gaitasuna du, haien artean Zog herensugea, Room on the Broom (euskaraz, A zer erratz fina, Pirulina) liburuko sorgina eta The Snail and the Whale liburuko barraskiloa.

Donaldsonek beste ilustratzaile batzuekin ere kolaboratu du, besteak beste, Lydia Monks, David Roberts eta Nick Sharratt-ekin, eta horrek bere liburuen estiloen aniztasuna zabaldu du. Lankidetza hauen adibide aipagarriak dira What the Ladybird Heard, Lydia Monksek ilustratua, eta The Paper Dolls, Rebecca Cobbek ilustratua.

Sariak

2011n, Donaldsonek Britainiar Inperioaren Ordenaren ohorea jaso zuen haur literaturan egindako ekarpenengatik.

Bestalde, 2011 eta 2013 artean, Julia Donaldson Children’s Laureate izendatu zuten, Erresuma Batuko haur literaturan ekarpen esanguratsuak egin dituzten idazleei edo ilustratzaileei ematen zaien titulu ospetsua[1]. Epe horretan, Donaldsonek bere plataforma erabili zuen ozen irakurtzea sustatzeko, liburutegietarako sarbidea bermatzeko eta poesiarekiko maitasuna sustatzeko.

Children’s Laureate gisa egin dituen proiektu aipagarrienetako bat bere liburuetan oinarritutako antzezlanak sortzea izan da, haurrei aktore gisa jarduteko eta narrazioan aktiboki parte hartzeko aukera emanez. Era berean, Erresuma Batuko liburutegi publikoak defendatzeko lan nekaezina egin du, horietako askok aurrekontu-murrizketak jasaten baitzituzten garai hartan.

Liburu aipagarrienak

  1. A Squash and a Squeeze (1993)
  2. The Gruffalo (1999), euskaraz Grufaloa izenburuaz 2016an argitaratua (Bruño argitaletxea) eta Amets Santxez Munainek itzulia.
  3. Room on the Broom (2001), euskaraz A zer erratz fina, Pirulina izenburuaz 2021ean argitaratua (Bruño argitaletxea), Joxemi Hernández Atorrasagastik itzulia.
  4. The Snail and the Whale (2003)
  5. What the Ladybird Heard (2009)
  6. Zog (2010)
  7. The Paper Dolls (2012)
  8. The Detective Dog (2016)

Erreferentziak

  1. "Julia Donaldson Children's Laureate 2013-11". BookTrust. Retrieved 18 December 2017.

Kanpo estekak

  • [1], Julia Donaldsonen weborri ofiziala ingelesez.

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!