Uztailaren 11tik aurrera, tentsio handiko egunak izan ziren Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan. Iruñetik Donostiara eta Errenteriara zabaldu zen polizien indarkeria; hein batean, erantzule nagusia, Logroñoko Polizia unitate berezia, harantz zuzendu zelako.[2]
Hiru egun lehenago, Sanferminetan German Rodriguez hil zuen poliziak Iruñean, eta hori salatzeko protestak zeuden deituta Euskal Herriko hainbat lekutan. Donostiako Aldapeta inguruan barrikadak altxa zituzten manifestariek, eta Polizia Armatuaren kuartel ingurutik poliziek tiro egin zuten, Barandiaran bularrean joz. Agenteek elkar babestu eta kasua artxibatzea lortu zuten, eta ez dute inoiz inor epaitu hilketa honegatik, nahiz eta tiro egin zuen polizi baten argazkia publikoa izan.[3] Lurralde Auzitegiak onartu zuen, hain zuzen ere, "Barandiaran hil zuen tiroa poliziarengandik abiatua" zela, baina Barandiaran kasua 7 urte geroago artxibatu zuten behin-behinean, 1985ean.[4]
Oroigarriak
Astigarragako herritar askoren eskaeren aurrean, 1980ko martxoaren 14an herri horretako plaza bati Joseba Barandiaran izena ematea erabaki zen. Donostiako Udalak Joseba Barandiaranen omenezko plaka bat jarri du hil zuten lekuan, San Bartolome kaleko 12. zenbakian.