Janari basamortua, gizartearen ikuspuntutik, janari merke eta elikagarria eskuratzea zaila den eskualde geografiko bat da. Batez ere nekazaritza gune txiroetan bizi den eta automobila ez duen jendeari eragiten dio. Supermerkatuen eskasiari eta janari segurtasunari lotutako kontzeptua da.
Janari basamortuen ideia Erresuma Batuan sortu zen 1995ean, hango gobernuak idatzitako txosten batean. Honela definitu zuen kontzeptua: "Txikizkako janari hornidura txikia edo bat ere ez duten eskualdeak", eta espezifikoki, "jendeak janari osasungarriak eskuratzeko muga ekonomiko eta fisikoak dituen eta gizarte bazterketa erlatiboa duten guneak".
Hamabi multzotan sailkatu ziren janari basamortuak, faktore sozioekonomikoen, irisgarritasun fisikoaren, erosteko ahalmenaren, janari osasungarria erosteko gogoaren eta beste zenbait faktoreren arabera:
- Hiri erdialdeko etxebizitza gune exekutiboak, etxean janaria prestatzeko bizimodu azkarregia dutenak.
- Hiri erdialdeko gutxiengoen auzoak, diru sarrera baxuegiak dutenak janari osasungarria eskuratzeko.
- Hiri erdialdeko gune deprimituak, hainbat errepide handiz inguratuak (irisgarritasun fisiko txara).
- Gainbeheran doazen hiri inguruko guneak (denda txikiak ixten direnean eta supermerkatuak urruti daudenean).
- Babes ofizialeko etxebizitzen auzoak (diru sarrera baxuak eta produktu freskoak eskaintzen ez dituzten dendak).
- Ikasleen egoitzen guneak (nahiago dute janari lasterren jatetxeetara joan, produktu freskoen eskari txikia).
- Hiri inguruko auzo aberatsak, gehienek erosketak autoz egiten dituztenak baina gutxi batzuk (zaharrenek) ez dutenek janari osasungarria eskuratzeko aukera.
- Dendak galdu dituzten herri txikiak, herriaren kanpoaldean supermerkatu handiak eraiki dituztelako.
- Hiri handien inguruko herriak, erdigunera joateko mugikortasun aukera txikiak dituztenean (garraio publiko eskasa).
- Landaguneko herri txikiak, produktu freskoen barietate txikia dutenean.
- Dendarik ez duten herrixka txikiak, zenbaitetan denda mugikorren bidezko zerbitzua dutenak.
- Asentamendu sakabanatuak, erosketetarako puntu zentralizaturik ez dutenak.
Kanpo estekak