Amak proposatuta, herriko Mesedeetako mojen eskolara joan bazen ere, gustatu ez eta atzera Ugaldetxoko eskolara itzuli zen eta hantxe amaitu zuen 14 urte bitarteko eskola garaia.
Lanbidea
1976ko azaroaren 4an, hamazazpi urte zituela, Ugaldetxon dagoen Tajo Group enpresan hasi zen lanean. Hasieran, tailerrean, montajean, lan egin zuen eta 1980tik jubilatu bitarte bulegoan jardun zuen, pertsonal sailean. Jubilatuta dago, 44 urtez beharrean aritu ondoren.
Herri ekintzailea
Girizia Mendi Taldea
Itziar Girizia Mendi Taldearen sortzailea izan zen, 1986an. Urte horretako martxoaren 16an, Girizia Mendi Taldeak Aiako Harrira egin zuen lehen irteera, Txurrumurru tontorrera (826 m). Han, besteak beste, Xabier Landa Lizarrek egindako txoria jarri zuten, txukun-txukun eta tinko.[2] Oraindik ere horrelaxe jarraitzen du.[3]
Sortu ondoren, hilabetero irteerak antolatzeari ekin zion mendi taldeak, Euskal Herriko mendi tontorrak ezagutzeko, baita Pirinioak ere.[4][5] Urte hasieran, berriz, Aiako Harrian jartzen du hitzordua, Ama Birjinaren aitzuloan, urte berria modu osasuntsuan hasteko. [6][7][8]
Urtetan, Mendi Taldeak eskalada ikastaroak antolatu izan ditu. Era berean, buru-belarri parte hartu zuen Oiartzungo Arritxulo aterpetxearen sorreran.
Mendizaleen Basoa ere antolatu izan du urtez urte, Oieleku parajean. Denetara ia 300 zuhaitz landatu dituzte. Gaur egun, basoa zaintzea, behar denean belarra moztea, zuhaitzak kimatzea eta txukun mantentzea da taldearen ardura.[12]
Ehundaka mendi igo ditu Itziarrek, Euskal Herrian, Pirinioetan, Sierra Nevadan, Kanariar uharteetan, Etiopiako Simien mendietan, Marokoko Atlas mendikatean edota Tanzanian. Hona hemen hirumilakoen, laumilakoen eta bosmilakoen igoerak:
Itziar Ugaldetxo Kultur taldeko partaidea ere bada. San Mieletan auzoko festak antolatzeaz gain, herriko soinujole zaharrak oroitzeko, hainbat jaialdi antolatu zituen taldeak, 1989an hasita. Bospasei jaialdi bideratu zituen taldeak Madalensoro pilotalekuan, eta oso aberatsa izateaz gain izugarrizko arrakasta izan zuten. Madalensoro toperaino betetzen zen.
Bestalde, herrian hain errotuta dauden Ihoteak ere Ugaldetxo Kultur Taldeak jarri zituen martxan. Itziar taldekideekin batera informazioa jasotzen hasi ziren eta 1990an bururatu zitzaien zakuz mozorrotu eta auzoz auzo ibiltzea. Ugaldetxo, Iturriotz, Altzibar eta Elizalde auzoak pasa zituzten. Kuadrillatxo bat elkartu eta horrela ibili ziren.
Horren ondorioz jarraitu zuten informazioa biltzen, taldea auzotik kanpo zabaldu zuten eta poliki-poliki lortu zuten auzo guztietan taldeak sortzea. Hurrengo urratsa auzo guztietan Kuestaziyua egitea izan zen. Gaur egun ikusi besterik ez dago ze arrakasta daukan.
Zaletasunak
Kirolari borrokatua da. Korrika ibiltzea oso gustukoa izan du. Behobia-Donostia lasterketa lau alditan osatu du Ugaldetxoko alabak, baita Donostian antolatzen den Lilatoian ere.
Euskararen aldeko KORRIKA ekimena ere oso maite du. Ez du inoiz huts egiten. Aski ongi gogoratzen du 1980an, lehenengo KORRIKAn parte hartu izana, orduan AEKn zebilen ikasten, Loli Sagarzazu irakaslearekin, eta bertan parte hartzea egokitu zitzaion. 1999z geroztik jubilatu bitarte bere lantokiak KORRIKArekin kolaboratu izan du. Urtetan testigua eramatea egokitu zaio. Ohore moduan bizitu du beti eta oso pozik eta harro sentitzen da.
Bestalde, jostea ere oso gogoko du. Gloria Askasorekin batera poltsak eta motxilak sortzen dituzte eta inguruko azoketan saldu.[14]
Gaur egun asko bidaiatzen du eta, naturaz gozatuz, mendi tontorrak zapaltzen jarraitzen du.