Il Vangelo secondo Matteo (euskaraz Ebanjelioa Mateoren arabera) 1964ko Pier Paolo Pasolini italiar zinema zuzendariak zuzendutako drama biografia filma da. Enrique Irazoqui kataluniar aktoreak antzeztu zuen. Jesukristoren bizitza Mateoren Ebanjelioaren arabera kontatzen da, Jesusen jaiotzatik hasi eta Berpizkunde arte. 1964ko irailaren 4an, Veneziako Zinemaldian estreinatu zen.
Euskarara bikoiztua, 1983ko martxoaren 21eko gauean ETBn eman zuten, euskarazko lehenengo emankizun zinematografiko bilakaturik.[1]
Sorrera
Erromako trilogia amaituta, Pier Paolo Pasolini testu kristau batzuk irakurri zituen eta, horiek inspirazio-iturri hartuta, ontzen hasi zen bere hurrengo egitasmoa. Hala ere, artean ez zuen behar beste diru eta, hura lortzeko, beste proiektu txikiago batean murgildu zen: Comizi d'amore ("Amodioaren inguruko bilkurak") dokumentala, ekoizteko merkea.
Pasolinik kristautasunaren eta komunismoaren arteko baliokidetza defendatzen zuen eta, bere ustez, Jesukristo antzeztuko zuen aktoreak komunista behar zuen. Zenbait aktore baztertu ondoren, Enrique Irazoqui ikasle eta militante komunista ezagutu zuen Bartzelonan, baina Irazoqui uzkur zen rol hori betetzeko. Hala ere, azkenean konbentzitu egin zuen, eta bera izan zen aktore profesional bakarra, gainerakoan, filmaketa-tokiko herritarrak izan baitziren aktoreak gehienean, baita Pasoliniren ama ere rol txiki baterako. Hautatutako herria Matera izan zen, Italia hegoaldean kokatuta.
Argumentua
Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Erromatar Inperioaren garaian, Palestinan, Jesus Nazaretekoak (Enrique Irazoqui) bere jarraitzaileekin batera herrialdean barna bidaiatu eta Jainkoaren irakaspenei eta arimaren salbazioari buruz predikatzen du. Bera Jainkoaren semea gizon egina eta iragarritako Mesia da, baina denek ez dute berak esandakoa sinesten. Erromatarrek atzemana eta gurutziltzatua izango da, eta handik hiru egunera berpiztu eta hilen artetik bizien mundura itzulia.
Aktoreak
- Enrique Irazoqui: Jesukristo
- Margherita Caruso: Maria gaztea
- Susanna Pasolini: Maria zaharra
- Marcello Morante: Jose
- Mario Socrate : Joan Bataiatzailea
- Pino Locchi: Joanen ahotsa
- Settimio Di Porto: San Petri
- Alfonso Gatto: San Andres
- Luigi Barbini: Jakue
- Giacomo Morante: Joan Apostulua
- Giorgio Agamben: Filipe Apostulua
- Guido Cerretani: San Bartolome
- Rosario Migale: Tomas apostulua
- Ferruccio Nuzzo: San Mateo
- Marcello Galdini: Jakue, Alfeoren semea
- Elio Spaziani: Tadeo
- Enzo Siciliano: Simon
- Otello Sestili: Juda Iskariote
- Juan Rodolfo Wilcock: Kaifas
- Alessandro Clerici: Pontzio Pilatos
- Amerigo Bevilacqua: Herodes Handia
- Francesco Leonetti : Herodes Antipas
- Franca Cupane: Herodias
- Paola Tedesco: Salome
- Rossana Di Rocco: Jaunaren Aingerua
- Renato Terra: Deabrutua
- Eliseo Boschi: Jose Arimateakoa
- Natalia Ginzburg: Maria Betaniakoa
- Ninetto Davoli (krediturik gabe): artzaina
- Umberto Bevilacqua (krediturik gabe): soldadua
Erreferentziak
Kanpo estekak