Hrafninn flýgur (ingelesez: When the Raven Flies, euskaraz Beleak hegan egitean) 1984an Hrafn Gunnlaugsson zuzendariak zuzendutako islandiar filma bat da. Bikingoen aroko Islandian girotuta dago.
Sinopsia
Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.
Filma Irlandan hasten da. Bertan, bikingoen erasoaldi baten ondoren mutiko batek bere gurasoak galtzen ditu, baina nahiz eta bikingoen taldeko Thord izeneko buruzagiak mutikoa ere hiltzeko agindua eman, azken unean bikingoetako bat mutikoaz gupidatu eta bizirik uzten du. Aldiz, bikingoek mutikoaren arreba bahitu eta eurekin batera Islandiara eramango dute.
Hogei urte iragan ondoren, aurreko mutikoa jada gizon gaztea bilakatu da. Bere gurasoak erail zituzten bikingoen aurkako mendeku gosez eta arreba aurkitzeko asmoz Islandiara joango da. Behin Islandian lehorreratu ondoren bere arrebaren bila hasiko da. Mutikoaren benetako izena filma osoan ez dela azaltzen ere aipatzekoa da, aldiz, filmeko pertsonaia islandiar guztiei arrotza egiten zaienez soilik "Gestur" izenez deitzen dute, hots, "Gonbidatua".
Gesturrek Irlandako erasoaldia burutu zutenak, gaur egun Norvegiatik Islandiara atzerriratuak izan ziren bi bikingo talde izan zirela jakiten du: Thorden taldea eta Eriken taldea. Hortaz bere mendekua lortzeko hoztasunez jokatzen du, bi taldeak elkarren aurka borrokan jartzeko plana gauzatuko du. Gestur haien bistatik at mantentzen da, modu arinean erailketak burutzeko besterik ez da argitara ateratzen, Thorden hainbat gizon hil eta bere etsaia den Eriken erailketak izan direlako itxura ematen die. Honela Thordek bere gizonak Eriken taldeak hil dituela uste du, baita Erikek bere kargua bereganatzeko asmoz bere aurkako azpijokoan ari dela eta Gesturren izaeraz ere gezurretan ari dela. Thord Eriken aurkako erasoaldi bat burutzera bultzatu arazia da, azkenik Erik bera eta bere gizon guztiak hilko dituelarik.
Zorritxarrez Gestur gaztea Thord jada emakumea den bere arrebarekin ezkonduta dagoela ohartzen da, baita biak mutiko txiki baten gurasoak direla erew. Gesturrek bere burua eta benetako nortasuna orain dela urte asko galdutzat zuen bere arrebari agertu araziko dio, baina arreba bere gurasoek irakatsi zieten gisa kristau izaten jarraitzen du, eta ez du anaiak Thord bere senarra erailtzeko planetan laguntzeko inongo asmorik erakusten.
Thord norvegiar paganoa da. Hortaz, Gesturrek Thorden aldarea trukatu eta Jainko Eskandinaviarrek Thordi bere semearen sakrifizioa eskatzen diotela sinistarazten dio. Bere etsipenean, Gesturren arrebak Thordi bere anaiak aldarea trukatu duela azaltzen dio, honela Thord eta bere gizon taldeari bere anaia Gesturren bilaketan laguntzen die, azkenik Gestur atzematea lortzen duten arte. Bikingoek Gestur nor den jakiteko asmoz modu basatian torturatuko dute, baina honek txintik ere ez du esango. Arrebak bere anaia saldu izanaren damuz ezkutuan askatu egingo du, honela Gestur zauriturik dagoela Eriken hilobira ihes egingo du.
Halere, Thordek ez du atzera egin eta bere semearen sakrifizioari ekingo dio. Bere semeak bikingoen benetako kemena erakutsi eta bere "heriotza" gizon gisa onartzen baldin badu, Jainkoak gustora geldituko direla uste baitu. Une batez bere aiztoa semearen zintzurretik zentimetro gutxira duela geldituko da. Thorden anai gazteak bera ordezkatuko du, eta haurra hil behar duen unean Gestur jende artean eta mozorroturik azalduko da, zurrunbilo guzti honen erdian haurra azken segundoan bultzatua eta salbatua izango delarik. Honela, Thorden anai gazteak haren semea eta oinordekoa hiltzeko zuen plan ezkutua argitara emango da. Bat-batean borroka bat piztuko da, ondorioz Gesturrek Thord buruzagia eta haren anai gaztea hilko dituelarik.
Azkenik Gesturrek bere armak lurperatu eta bere arreba eta seme txikiari berarekin bat Irlandara itzul daitezen eskatzen die. Handik aurrera bortizkeria zokoratu eta kristau bizitza bati hasiera emango diola baieztatuko du. Bere arrebak ezekoa emango dio, eta bere semeak gehiegi "ikusteko nahiko adina baduela" erantzuten dio, honela orain dela hogei urte Thordek bere anaia Gesturren erailketa agintzeko asmoz erabili zituen hitz berdinak erabiltzen dituelarik. Filmaren amaierako eszenan, Thorden semeak amorruaren amorruz Gesturren lekua hartuko du, bai eta Gesturren armak lurpetik atera ere, ustez bere aitaren erailketa mendekatu eta bortizkeria ziklo osoa jarraitzeko asmoz.
Aktoreak
- Jakob Þór Einarsson: Gestur
- Edda Björgvinsdóttir: Gesturren arreba
- Egill Ólafsson: Thorren anaia
- Flosi Ólafsson: Erik
- Gotti Sigurdarson (Gottskálk D. Sigurdarson izenez): Einar
- Helgi Skúlason: Thor
- Sveinn M. Eiðsson: Zaindaria
- Guðrún Kristín Magnúsdóttir
Kanpo estekak
- Hrafninn flýgur filmaren 1. zatia ikusgai - 10 minutu. Hizkuntza: islandiera, azpitituluak: ingelesa. (Islandieraz) (Ingelesez)
- Hrafninn flýgur filmaren 2. zatia ikusgai - 10 minutu. Hizkuntza: islandiera, azpitituluak: ingelesa. (Islandieraz) (Ingelesez)
- Hrafninn flýgur filmaren 3. zatia ikusgai - 10 minutu. Hizkuntza: islandiera, azpitituluak: ingelesa. (Islandieraz) (Ingelesez)
- filmaren 4. zatia ikusgai - 10 minutu. Hizkuntza: islandiera, azpitituluak: ingelesa. (Islandieraz) (Ingelesez)
- Hrafninn flýgur filmaren 5. zatia ikusgai - 10 minutu. Hizkuntza: islandiera, azpitituluak: ingelesa. (Islandieraz) (Ingelesez)
- Hrafninn flýgur filmaren 6. zatia ikusgai - 10 minutu. Hizkuntza: islandiera, azpitituluak: ingelesa. (Islandieraz) (Ingelesez)
- Hrafninn flýgur filmaren 7. zatia ikusgai - 10 minutu. Hizkuntza: islandiera, azpitituluak: ingelesa. (Islandieraz) (Ingelesez)
- Hrafninn flýgur filmaren 8. zatia ikusgai - 10 minutu. Hizkuntza: islandiera, azpitituluak: ingelesa. (Islandieraz) (Ingelesez)
- Hrafninn flýgur filmaren 9. zatia ikusgai - 10 minutu. Hizkuntza: islandiera, azpitituluak: ingelesa. (Islandieraz) (Ingelesez)
- Hrafninn flýgur filmaren 10. zatia ikusgai - 10 minutu. Hizkuntza: islandiera, azpitituluak: ingelesa. (Islandieraz) (Ingelesez)