Hosto-txorten edo pezioloa (latinez "petiolus", ointxoa) hosto baten xafla bere oinarrira edo zurtoinera lotzen duen kirten txikia da. Txortenik ez duten landareak txortengabeak edo sesilak direla esaten da. Hosto-txortena funtsezko ezaugarria izaten da landare bat identifikatzeko.
Hosto-txortena plantularen ernetze-fasean garatzen da, hipokotilo deritzon ernamuin-ehunean. Hipokotiloaren luzapenetik kotiledoia sortzen da (hostoaren ehun aitzindaria), baita zurtoinaren meristemo apikala ere. Kanpoaldeko zelulak bereizi eta heldu egiten dira, geruza epidermiko bihurtuz. Barnealdeko zeluletako batzuk kolenkima bihurtzen dira, hosto-txorten gazteari euskarria emanez. Zelula luzanga taldeek hari probaskularrak sortzen dituzte. Hosto-txortenaren gainontzekoa epidermisa eta hari probaskularren artean dauden zelula parenkimatikoek osatzen dute, kortexa osatuz, hari hauen barnean daudenekin batera, bihotza eratzen dutenak.
Talde baskularren aitzindarien artean barreiatzen duen parenkimak bihotz-izpiak deritzenak eratzen ditu.
Ehun hauek txorten-ehun helduaren aitzindariak dira, eta hosto-txortenaren oinarrizko eginkizunak definitzen dituzte:
Sendotzea eta luzatzea
Jariakinen garraioa zurtoina eta xafla edo hosto-linboaren artean.