Ingurune hauek garrantzi handiko onurak eskaintzen dizkiote gizarteari, hala nola, ura araztea, uholdeen kalteak arintzea eta itsasertza egonkortzea[2]. Horrez gainera, aniztasun biologiko handiko ekosistemak dira, eta landare eta animalia askoren bizilekua[3].
Hezeguneak mundu osoan arriskuan daude. Beren kontserbazioa eta zentzuzko erabilpena sustatzeko[4], 1971kootsailaren 2anRamsarko hitzarmena sinatu zen. Euskal Herriko zortzi eremu daude hitzarmen horren barruan, baina, jakina, hezeguneen katalogoa askoz handiagoa da. Hitzarmena sinatu zenetik, urtero, otsailaren 2an Hezeguneen Mundu Eguna ospatzen da.
Definizioa
Hezegune mota asko daude eta, horregatik, definizio orokor bat ematea ez da gauza erraza. Batetik inguru horiek oso izaera aldakorra, eta bestetik zehaztu gabeko ezaugarri morfologikoak izaten dituzte. Hori dela eta, hezeguneen definizio ugari agertu dira. Zientzialari batzuen esanetan, adibidez, "hezeguneak oinak bustitzeko balio arren, igeri egiteko balio ez duten alderdiak dira". Definizio honek hezeguneen ezaugarririk garrantzitsuena aipatzen du: ura egotea, baina sakonera txikikoa. Kanpoan gelditzen dira, beraz, sakonera handiko aintzirak, adibidez. Hala ere, erabat zuzena ez da, zenbait hezegune igeri egiteko bezain sakonak direlako[5].
Beste zientzilari batzuek ekotono gisa definitzen dituzte. Beraz, lehortar eta urtar ekosistemen arteko trantsizio-aldea izanen lirateke[6]. Mitsch eta Gosselinken arabera, "hezeguneak lehorreko eta uretako ekosistemen arteko interfazean agertzen dira eta, horietatik ezberdinak diren arren, beren eraginaren mendean daude"[7].
Ramsarko hitzarmenaren arabera hezeguneak "padura, zingira, zohikaztegi edo urez estalitako guneak dira, naturalak zein artifizialak, iraunkorrak zein aldi baterakoak, ur-geldikoak zein lasterrekoak, gezak, gazikarak zein gaziak izan, itsasoko urak hartutakoak barne, baldin eta itsasbeheran haien sakontasuna sei metro baino gutxiagokoa bada"[8].
Hezegune motak
Scottek[9] 39 hezegune mota (30 natural eta 9 artifizial) bereizi zituen arren, guztiak bost kategoriatako sailkapen honetan laburbitzen ahal dira[10]:
Estuarioak. Ibaiak itsasoratzen diren tokietan oso baldintza bereziak izaten dira, ur geza eta gaziaren nahasketekin. Adibidez, deltak, padurak, lokatz hondartzak...
Ibai ertzetakoak. Ibaiek gainezka egitearen ondorioz, periodikoki urez estalirik geratzen diren guneak. Esaterako, baso urpetuak, uholde-lautadak, meandro-aintzirak...
Lakustreak. Ur zirkulazio txikia duten eta beti urez estalita dauden eremuak dira: aintzirak, orokorrean.
Palustreak. Ur iraunkor samarra dutenak: padurak, zingirak...
Ur asetasun iraunkorra edo noizbehinkakoaren ondorioz, lurzoru hidromorfoak agertzea.
Baldintza horietan bizirauteko moldatuta dagoen landaredia garatzea.
Landaredi hau bi motatakoa izan daiteke:
Hidrofitoa: uretan edo urperatutako lekuetan bizi dena.
Freatofitoa: ura ikusten ez denean, lur azpian dagoelako. Kasu horietan espezie hauek lehorreko espezie arruntak ordezkatzen dituzte.
Ekosistema hauek dauzkaten baldintza bereziek eta gehienetan agertzen den elikagai aberastasunak, animalia-komunitate jori eta interesgarriak izatea eragiten dute[11]. Fauna sarritan endemikoa da eta inguruko faunatik bereiztua. Narrasti eta hegazti familia asko horrelako inguruetan bizitzeko moldaturik daude.
Hezegune asko bioaniztasun handiko eremuak dira, eta landare eta animalia asko hezeguneen erabat mendekoak (hezeguneetatik at ezin dute bizirik iraun). Izan ere, itsasertzeko hezegune batzuk -mangladiak, koralezko uharriak, estuarioak eta itsas belarrez estalitako hondoak- munduko ekosistema aberats eta emankorrenetakoak dira[12].
↑D.A. SCOTT (1989): Design of Wetland Data Sheet for Database on Ramsar Sites. Mimeographed Report to Ramsar Convention Bureau, Gland, Switzerland. 41 pp.
↑Paul A. KEDDY, Lauchlan H. FRASER, Ayzik I. SOLOMESHCH, Wolfgang J. JUNK, Daniel R. CAMPBELL, Mary T. K. ARROYO eta Cleber J. R. ALHO: Wet and Wonderful. The World’s Largest Wetlands Are Conservation Priorities[1][Betiko hautsitako esteka] Biosciencemag.org