Abiazio zibilak azken urteotan izan duen hazkuntza nabarmenak (1992 eta 2005 urteen artean % 5 handitu da urtero bidaiarien kopurua) areagotu du arazoa. Eta Europar Batasunean, berotegi-efektuko gasen isuriak (abiazioarenak) 1990 eta 2006 urteen artean % 87 areagotu dira.[4]
Abiazio komertzialaren hazkundeak kezkatzeko arrazoiak ematen ditu. Munduan, 8,3 milioi pertsonak hegazkina hartzen dute egunero (3.000 milioi bidaiari urtero), 1999ko bolumenaren bikoitza.[5] Horrek erregai asko kontsumitzera behartzen du, eta CO2 ugari sortzen.
Abiazioaren ondorioak Lurreko kliman
1999an hegazkin-hegaldi zibilen ekarpena CO2-ren isuri globaletan % 2 inguru zela kalkulatu zen.[6] Hegazkin-hegaldi horiek batez ere lau mekanismoren bidez eragiten dute klima-aldaketan: karbono dioxido (CO2) isurien bidez, nitrogeno oxidoen (NOx) isurien bidez, ur-lurrunaren bidez (hidrokarburoak erretzean sortzen dena) eta kedar eta sulfatoen partikulen bidez.
Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldea (Intergovernmental Panel of Climate Change) (IPCC) erakundearen ustez, hegazkin-hegaldi zibila gizakiak sortutako klima-aldaketaren % 3,5 ingururen erantzulea da, kontuan hartuta CO2ren isuriak eta beste isuri batzuk ere. 2050. urterako portzentaje hori igo daiteke neurri zehatzak hartu ezean, % 5–% 15eraino, ereduen arabera.[7]
Hegazkinak gero eta eraginkorragoak dira, hegazkin bakoitzak hegaldian egiten duen kilometro bakoitzeko duela 30 urte baino erregai gutxiago kontsumitzen duelako eta CO2 gutxiago ere isurtzen duelako. Hala ere, hegazkin-hegaldien kopurua urtez urte gehituz doanez, hegaldien kutsadura gero eta handiagoa da, Jevonsen paradoxari jarraituz.
Hegazkinez bidaiatzeak ingurugiroari egiten dion kaltearen jakitun, ekologiaz arduratuta dauden pertsona batzuek hegazkinak saihestu eta beste garraiobide batzuk hobesten dituzte. Fenomenoari izen bat bat eman zaio munduko hainbat hizkuntzatan eta euskaraz "hegaldatzeko lotsa" esapidea proposatu da[8].