Gernu-infekzioagernu-aparatuan kokatutako infekzioa da, bakterio Gram-negatibo batek sortua gehienetan. Sintomak aldakorrak izaten dira, zein organo erasaten den kontu.[1]Mikrobiologiaren ikuspegitik, infekzioa izateko gernu mililitro batean 10.000 bakterio edo gehiago (koloniak eratzen dituzten unitateak) izan behar dira.
Gernu-infekzioak patologia infekziosoen artean ohikoenetarikoak dira. Infekzio hauen jatorrian hiru organo egon daitezke: maskuria (maskuriaren infekzioak zistitisa eragiten du), giltzurrunak (giltzurrunen infekzioak pielonefritisa sortzen du) edo uretra (uretraren infekzioak uretritisa eragiten du).
Uretraren anatomia dela-eta, gernu-infekzioak ohikoagoak dira emakumezkoengan gizonezkoengan baino [2]. Heste-floraren bakterioak dira gernu-infekzio gehienak sortzen dituztenak. Sexu bietan zahartu ahala gernu-infekzioa pairatzeko probabilitatea areagotu egiten da [3].
Orokorrean, zistitisak ez dira larriak, eta sukar apala eta sintoma lokalak (disuria eta polakiuria) besterik ez dituzte sortzen. Pielonefritisek, aldiz, larriagoak dira, sintoma lokalez gain gaixoaren osasun orokorra kaltetzen dutelako [4].
Etiologia
Kasu gehienetan gernu-infekzioak heste-florako bakterioek (Gram negatiboek) sortzen dituzte, uretran sartzen direnak (gertuko kutsadura fekal batetik, pertsona berarena) eta hortik -goranzko bidea hartuz- maskuriara iristen direnak (eta hainbat kasutan, giltzurrunetaraino).
Pielonefritisaren kasuan bakterio patogenoek uretratik ez ezik, odoletik ere giltzurrunetaraino irits daitezke, organo horiek infektatuz.
Sintoma klinikoak
Kasu batzuetan gernu-infekzioa dutenak asintomatikoak dira: haien gernuaren urokultiboan heste-florako bakterioak daude (bakteriuria), baina ez dute inongo sintomarik. Asintomatikoak diren bakteriuria horiek ez dituzte antibiotikorik behar.
Beheko gernu-traktuko infekzio sintomatikoak (uretrakoak edo maskuriakoak) arinak dira orokorrean: larriak ez izan arren, gogaikarriak dira, baina. Disuria (gernuaren kanporatze zaila eta mingarria) eta polakiuria (gernua oso maiz kanporatu behar izatea) dira sintoma nagusiak. Ez dago sukarrik edo, baldin bada, arina da.
Goiko gernu traktuko infekzioak (ureter, giltzurrunak) larriagoak dira. Sukarra, gerrialdeko min bortitza eta ondoeza orokorra dira sintoma nagusiak, disuriaz gain. Giltzurrunetan dauden bakterioak odolera pasatzen badira septizemia bat agertzen da, oso larria dena eta gaixoaren ospitalizazioa eskatzen duena [2]
Diagnostikoa
Gernu-infekzio baten diagnostikoa historia klinikoan eta gaixoaren miaketan oinarritzen da. Kasu batzuetan urokultibo bat ere egiten da.
Gernu-infekzioaz hitz egiteko irizpide mikrobiologikoa da 100.000 bakterio-kolonia baino gehiago agertzea gernu-mililitro bakoitzeko (bakteriuria). Kasu batzuetan, ordea, mililitro bakoitzeko 10.000 bakterio baino gehiagoren zenbaketak mikrobio-infekzioarekin lotzen dira. Bakterioez gain, gernuak zornea (piuria) eta leukozitoen zenbaketa handiak ere izaten ditu.
Gernuan leukozitoen zilindroak agertzeak pielonefritisa iradokitzen du
Tratamendua
Antibiotikoak erabiltzen dira gernu-infekzioen tratamenduan. Kasu gehienetan, aho-bidetik epe labur batean, astebete baino gutxiago. Likido asko edatea gomendatzen da.