Gerezi garaia

Gerezi garaia
Datuak
IdazleaMikel Santos
Argitaratze-data2018
Generoakomikia
Jatorrizko izenburuaEl tesoro de Lucio. Una novela gráfica sobre la vida de Lucio Urtubia, O tesouro de LucioVida de Lucio Urtubia, Gerezi garaia. Lucio Urtubiaren biografia ilustratua eta El tresor d'en Lucio. Una novel-la gràfica sobre la vida de Lucio Urtubia
ArgitaletxeaTxalaparta
IlustratzaileaMikel Santos
ISBN978-84-17065-18-8

Gerezi garaia, komiki bat da, Lucio Urtubiaren biografia ilustratua, Mikel Santosek (Belatz) 2018an egina.[1][2]

Komikiaren proiektua Mikel Santosek berak garatu zuen, eta Lucio Urtubiarekin idatzi zuen gero. Belatzek luze galdekatu zuen Lucio bere bizitzako pasadizoen inguruan (ekintzak, lekuak, pertsonak, gertakizunak, atmosferak...) iruditan zehaztasunez islatu ahal izateko.[2][3]

Liburuaren sorkuntza

Bi urtez aritu ziren Mikel Santos eta Lucio Urtubia komikia ontzen; gidoia egiten lehenik, eta marrazkiak osatzen ondoren. Ordu luzeak pasatu zituzten elkarrrekin hizketan, eta, haren istorioak ez ezik, sentimenduak eta barne mundua ere azaleratu nahi izan zituen Belatzek liburuan. Urtubiaren bizitzaz liburuak, dokumentalak, eta filmak eginda bazeudenean ekintzaileak berak egin zien komikia egiteko proposamena Txalaparta argitaletxekoei, Durangoko Azokara bere biografia-liburu baten aurkezpenera joan zenean. Berak ere halako euskarri batean gustura irakurriko zuela azaldu zien. Handik gutxira proposatu zioten Belatzi liburua osatzeko.[4]

Euskarazko bertsioa gaztelaniazkotik itzuli zuten Amaia Amaiak eta Amaia Apalauzak.[1]

2021eko irailean Yerbabuena Producciones ekoiztetxeak Iruñean estreinatu zen Lucio, hausnarketa eszeniko bat ikuskizuna Gerezi Garaia komiki honetan oinarrituta sortu zuten. Zuzeneko jazz musika eta ikus-entzunezko piezak uztartzen dituen obra bat da, eta bertan Lucio Urtubiak egindako gogoeta batzuk plazaratzen dituzte.[5]

Mikel Santos Belatz komikigilea ‘Gerezi garaia‘ aurkezten Intxaurrondo Kultur Etxean (2020-03-10)[6]

Argumentua

Cascanten emandako haurtzaroa, lehen banku-desjabetzeak, poliziei iskin egiteko asmatutako trikimailuak, familia-kontuak, Citibank banketxearekin egindako negoziazioa, muga-zeharkaldiak…[1] Guzti hori hiru denbora-lerro nagusitan kontatzen da. Flashback eta flashforward ezberdinen bidez, denbora-lerro horien artean atzera eta aurrerako mugimenduekin berreraiki du Belatzek Lucioren bizitza.[7]

Liburuaren muina, lehenengo denbora-lerroa, Parisen emandako urteak dira. Lucio 1954. urtean Parisera heltzen denetik 1980ko hamarkadara arte. Denbora-lerro horretan azaltzen dira erbestea, CNT, desjabetzeak, poliziaren jazarpena, 68ko Maiatza, inprimategi klandestinoak, aitatasuna eta kartzela. [7]

Bigarren denbora-lerroa iragan urruna da, Lucioren haurtzaroa. Nafarrroako Erriberaren kolore arreak dituzten irudi horietan gerraostea azaltzen da, gordin: pobrezia, Cara al sol, fusilatzeak, gosea, kazikeak eta estraperloa. Haurtzaro latz bat, Urtubiaren izaera zizelez landuko duena.[7]

Azkenik, hirugarren denbora-lerroa, hirugarren erreferentzia Lucioren bizitzako egun batzuetako pasarte bat da, adinean sartuta dagoenean. Karrera-bukaerako lana amaitzen ari den Amaia gaztea eta Lucio Parisetik bion herria den Cascantera egiten duten bidaia da aldi hori, eta denbora eta espazio horretan ideologia agertuko da, familia, garai bateko gertakizunei buruzko gogoeta, eta... «Lucioren altxorra». [7]

Izenburuaz

Lucioren biografia berezi hau lau hizkuntzatan argitaratu zen 2018an: euskaraz, gazteleraz, katalanez eta galegoz.

Erdarazko bertsioen titulua ez da Gerezi garaia izenburuaren itzulpena, Lucioren altxorra baizik, El tesoro de Lucio gazteleraz, O tesouro de Lucio galizieraz, eta El tresor d'en Lucio katalanez.

Les temps des cerises abestiaren partitura

Gerezi garaia edo Le Temps des cerises XIX. mendeko maitasun kantua ere bada. 1871ko Pariseko komuna Jendarte hobe baten ametsarekin lotuta egon da kantua. 1867an Jean Baptiste Clement idazleak sortu zuen Antoine Renard-en doinu baten gainean. Geroxeago historiaren apeta izan zen Clement idazleak Pariseko Komunako gertakizunetan parte hartzea, eta gerezien kantua himno iraultzaile bilakatzea.[8] Liburuko 26. orrialdean abesti hori kantatzen du abeslari batek kafetegi batean.

Liburuko 14. orrian Lucioren Parisko etxearen izena ikusten da: "Le Temps des Cerises". Eta liburuko 129. orrialdean honela dio Luciok: "Bizitza laburra dun, Juliette, gerezi-garaia bezain laburra, eta gure esku dago denbora hori altxor bihurtzea eta denon artean partekatzea"

Erreferentziak

  1. a b c Santos 'Belatz', Mikel. (2018). «Gerezi garaia» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-21).
  2. a b Urkulo, Iraitz. (2018-10-14). ««Lucio Urtubia pertsonaia indartsua da, xarma neurrigabea du»» El Correo (Noiz kontsultatua: 2021-08-21).
  3. Txalaparta. (2018). «“Droga baten antzekoa da Lucio Urtubia”» www.txalaparta.eus (Txalaparta) (Noiz kontsultatua: 2021-08-22).
  4. Galardi F. Agirre, Maider. (2018). «'Gerezi garaia' Lucio Urtubiari buruzko komikia argitaratu dute» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-08-22).
  5. Garaialde, Olaia L.. «Jazz gogoeta anarkistarentzat» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
  6. «Lucio Urtubia: Bizitza borrokan binetaz bineta» www.donostiakultura.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-22).
  7. a b c d Txalaparta. (2018). Liburu gomendatua: Gerezi garaia. Txalaparta.
  8. Aranbarri, Iñigo. «Gerezi garaia» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-01).

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Strategi Solo vs Squad di Free Fire: Cara Menang Mudah!