Gabriel Urralburu Tainta (Ezkaroze, Nafarroa, 1950eko azaroaren 6a - ) politikaria da, 1984 eta 1991 bitartean Nafarroako lehendakari[1] izandakoa. Zientzia teologiko eta moraletan lizentziaturik, apaiza izan zen 1984an utzi arte.
Ibilbide politikoa
Frankismoaren kontrako kristaua, Victor Manuel Arbeloaren eskutik PSOEn sartu zen 1973an. Alderdiaren antolakuntza Nafarroan zuzendu zuen. Francoren ondoko lehen hauteskunde demokratikoetan (1977ko ekainaren 15ean) PSOEko zerrendaburu izan zen Nafarroan, Diputatuen Kongresurako eserlekua lortuz. 1979ko martxoaren 1eko hauteskundeetan berriro aukeratu zuten.
Nafarroan, 1979ko apirileko hauteskundeetan PSOEren zerrendaburua izanda, 15 eserleku erdietsi zituen, eta bigarren alderdia bihurtu ziren. 1980 eta 1982 bitartean Estatuarekin Nafarroako Foruen Hobekuntzaren gaineko eztabaidetan parte hartu zuen.
Nafarroako sozialistak PSE-EEren barnean izan ziren 1982 arte, hots, PSN sortu arte. Gabriel Urralburu lehen idazkari orokor hautatu zuten.
Nafarroako Parlamenturako lehen hauteskundeetan, 1983an, PSOEren zerrendaburua izan zen berriro. Gobernua osatu ahal izanda, Nafarroako lehen lehendakari bilakatu zen. Hurrengo hauteskundeetan (1987an) berriz irabazi zuen, eta berriz osatu zuen gobernua. Hurrengoetan (1991n), halere, 19 eserleku lortu arren (orain arte PSNk inoiz eskuratu duen kopuru handiena), oposiziora igaro behar izan zuen, Juan Cruz Alliren UPNk 20 erdietsi baitzituen. Izan ere, Nafarroako eskuin osoa zerrenda berean aurkezten zen lehen aldia baitzen.
Ustelkeria
Hurrengo urteetan ustelkeria egotzi zioten Urralbururi, obra publikoak esleitzearen truke dirua jasotzeagatik. 1998ko irailaren 7an, Gabriel Urralburu Nafarroako lehendakari ohia zigortu zuten ustelkeria kasuengatik. Hamaika urteko espetxe zigorra, bederatzi urteko inhabilitazioa eta 780 milioi pezetako isuna ezarri zion Nafarroako Auzitegiak, legez kanpo obra publikoen trukean komisioak jasotzeagatik. Ebatzi zuten eraikuntzako zortzi enpresari esleipenak ematearen truke jasotzen zuela dirua, ustelkeria politikoa mahai gainean jarriz. 1984 eta 1991 artean izan zen Urralburu Nafarroako lehendakari PSNrekin.[2]
2001eko martxoan, aldiz, Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxealdia 4 urtera murriztu zuen. Auzi berean, Urralbururen emaztea, Antonio Aragón (Obra Publikoen kontseilaria), haren emaztea, Luis Roldán (Guardia Zibilaren zuzendaria) eta Jorge Esparza diruzaina ere kondenaturik izan ziren.
Erreferentziak
Kanpo estekak