Fra' Ferdinand von Hompesch zu Bolheim (Bolheim, 1744ko azaroaren 9a – Montpellier, 1805eko maiatzaren 12a) Maltako Ordenako 71. Printze eta Maisu Handia izan zen 1797tik 1799ra.
Maltako Ordenan hamalau urterekin sartu zen 1761eko uztailaren 10ean, dispentsa bati esker, eta Manuel Pinto da Fonseca Maisu Handiaren morroi izan zen. 1770ean itsasontziak eta gotorlekuak ikuskatzeaz arduratzen zen teniente-maila lortu zuen eta 1774an munizioen arduradun izendatu zuten.
1775ean enbaxadore izendatu zuten enperadorearen gortean, Vienan, eta han eman zituen hogeita bost urte. 1776an Gurutze Handiko Zaldunaren mailara igo zuten. Garai honetan saiatu zen, arrakastarik gabe, zaldun protestanteekiko batasuna lortzen.
Rothenburgen komandantzia (1777), Herfordena (1783), Basel eta Dorlisheimena (1785), Sulz, Colmar eta Mülhausenena (1786) eta Villingenena (1796) jaso zituen. 1796an aleman hizkuntzaren Bailio Handia izendatu zuten.
1797ko uztailean Ordenako Maisu Handia aukeratu zuten. 1798ko ekainean iritsi zen Maltara Napoleonen flota Egiptorako bidean. Ekainaren 10ean frantsesak lehorreratu ziren eta maltarrek lagundu zieten. 11n von Hompeschek Maltaren subiranotasuna Frantziako Direktorioari eman eta errendizioa sinatu zuen, printzerri baten eta urteko pentsio baten truke. Horrela amaitu zen estatu independente bati buruzko Maltako Ordenaren subiranotasuna.
Von Hompesch Triestera joan zen 1798ko ekainaren 18an. 1799ko uztailaren 6an bi abdikazio gutun bidali zizkion, bata Frantzisko II.a enperadoreari eta bestea Paulo I.a Errusiakoari. Hala ere, ez zion Aita Santuari gutunik bidali, eta honek ere ez zuen abdikazioa onartu. Vom Hompesch gero Ljubljanan kokatu zen eta 1801ean abdikazioa ez zela baliozkoa adierazi zuen, presioa egin ziolako. 1804an Montpellierrera joan zen bizitzera, eta han hil zen hurrengo urtean.
Familia
Zuhaitz genealogikoa |
---|
|
Kanpo estekak