Euskal Kooperatiben Mugimenduak[1]Euskadin 55.000 langiletik gora dituzten 1.200 kooperatibaren [2] elkargunea da. Bi dira bere bereizgarri nagusiak: Lan Kooperatiben dentsitate altua[3] eta bere barruan nazioarteko erreferente nagusia[4][5] dagoela, Mondragon Taldea osatzen duten kooperatibak alegia.
Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, Federazio sektorialek eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak osatzen dute[6] Euskal kooperatiben interesak babesteko eta sustatzeko Euskal Kooperatiben Mugimendua.
Ekainaren 24ko, Euskadiko Kooperatiben, 4/1993 Legearen arabera[7]: ”Bere kideen ekonomia eta gizarte-jarduerak sustatzea, eta, kideon parte-hartze zuzenaren bidez, beren beharrak betetzea helburu nagusi duen enpresa garatzen duen elkartea da Kooperatiba, beti ere, kooperatibismoaren printzipioak[8]bere eginez eta inguruko gizarteari arreta jarriz.”
Eginkizunak
Euskadiko kooperatibak erakundeetan ordezkatzea eta organo publikoetan haien presentazia sustatzea
Kooperatiba-arloko sustapena eta prestakuntza bultzatzea, ekintza egokien bidez
Kooperatibentzat egokiak diren entitate, erakunde edo jarduerak sustatzea
Elkartutako kooperatibentzat interesekoak izan daitezkeen zerbitzuak antolatzea
Mota guztietako interkooperazioa bultzatzea, erakundeen zein enpresen esparruan
Kooperatiben Mugimenduaren zabalpena indartzea, batez ere haren printzipioena, kooperatiben oinarrian dauden balioak praktikara eramateko jarraibide direnak
Sortzen diren gatazketan esku-hartzea, arbitraje, bitartekotza eta adiskidetze-prozeduren bidez
Kooperatibei eragiten dieten gaiei buruzko txosten, ebazpen, irizpen edo proposamenak egitea
Egoki irizten zaien erakunde eta organismoetan parte hartzea
Kooperatiben Mugimenduarentzat lagungarria izan daitekeen beste edozein eginkizun
KONFEKOOP – Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa
Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak sortu zuen, eta 1996ko ekainaren 18an eratu zen. Euskadiko kooperatiben Federazio sektorialek osatzen dute, eta euskal kooperatiben eta haien erakundeen ordezkari gorena da.
Euskadin kooperatiben hainbat federazio sektorial eratu dira, kooperatiba motaren arabera, haiei zerbitzua emateko.
Lan kooperatibak. Haien lanaren bidez, hirugarrenentzat ondasunak eta zerbitzuak elkarrekin ekoizteko edozein motatako jarduera ekonomiko edo profesional garatzen duten pertsona fisikoak elkartzen ditu batez ere
Kontsumo-kooperatibak. Bazkideek erabiltzeko edo kontsumitzeko ondasunak edo zerbitzuak eskaintzea da bere helburua, bai eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen bidezko interesak eta eskubideak babestea eta sustatzea ere
Irakaskuntza kooperatibak. Irakaskuntza-lana egiten dute, maila, fase, ziklo, gradu eta modalitate desberdinetan, jakintzaren edo prestakuntzaren edozein arlotan
Nekazaritza-elikagaien kooperatibak. Nekazaritzako, basogintzako edo abeltzaintzako ustiategien edo ustiategi mistoen titularrak elkartzen ditu, helburu hauek dituztenak: merkaturatzea, hornidurak, ekoizpen-tresnak eta zerbitzuak eskaintzea edo bazkide guztien ustiategiak hobetzeko lanak egitea
Erkidegoan ustiatzeko kooperatibak. Nekazaritzako, basogintzako edo abeltzaintzako ustiategien edo ustiategi mistoen titularrak elkartzen ditu, helburu hauek dituztenak: merkaturatzea, hornidurak, ekoizpen-tresnak eta zerbitzuak eskaintzea edo bazkide guztien ustiategiak hobetzeko lanak egitea
Etxebizitza kooperatibak. Bazkideei etxebizitzak edo lokalak, eraikinak eta instalazio osagarriak ematea da bere xedea; higiezin eta osagai komun horiek hobetzea, zaintzea eta administratzea; dagozkion zerbitzuak sortzea eta ematea; eta etxebizitzak, lokalak, instalazioak eta eraikinak berritzea
Kreditu-kooperatibak. Bazkideen finantza-beharrizan aktibo eta pasiboei erantzutea da bere helburua; hirugarrenekin jarduteko aukera ere badauka
Aseguru-kooperatibak. Jarduera aseguratzailearen edozein arlotan aritzea da bere helburua
Osasun-laguntzako kooperatibak. Aseguru-konpainiak dira, eta haien bazkideen edo asegurudunen osasunarekin loturiko arriskuei estaldura eskaintzea da bere enpresa-jardueraren ardatza
Osasun-instalazioetarako kooperatibak. Haien bazkideei eta langileei osasun-arreta eskaintzeko ospitaleak, klinikak eta antzeko zentroak sustatzea, hornitzea, administratzea, eustea eta kudeatzea helburu duten kooperatibak dira, pertsona fisikoek eta juridikoek osatuak
Profesionalen zerbitzu-kooperatibak. Norbere kontura aritzen diren artisauek, profesionalek edo artistek osatutako kooperatibak dira, eta bazkideen lana erraztu edo osatzeko balioko duten hornidurak, zerbitzuak eta prestazioak eskaintzea dute helburu
Enpresen zerbitzu-kooperatiba. Norbanako enpresariek edo enpresari sozialek eratutakoak, profesionalen kooperatiben helburu berarekin
Erakundeen zerbitzu-kooperatibak. Korporazioek, erakunde publikoek, fundazioek, sindikatuek eta mota guztietako elkarteek sortutakoak, beharrizanei erantzuteko, bazkide bakoitzaren autonomiari eta berezitasun instituzionalari eragin gabe
Garraiolarien kooperatibak. Garraio-zerbitzuak antolatzea edota eskaintzea dute helburu nagusi, bai eta helburu hori lortzeko beharrezko ekintzak egitea ere. Garraiolariak, gidariak eta beste langile batzuk dira bazkideak, eta denen lanaren ekarpenaren bidez eskaintzen dituzte aipatu zerbitzuak
Gizarteratzeko kooperatibak. Batez ere ezgaitasun fisikoak edo psikikoak dituzten pertsonek osatutakoak dira. Lan elkartuan oinarritu ahal izango dira, produktuak edo zerbitzuak antolatzeko eta bideratzeko
Junior kooperatibak. Lan kooperatibak dira, eta bazkideek jarduera ekonomiko edo profesionala garatzen dute elkarrekin, ondasunak eta zerbitzuak sortzera bideratua, haien lan ekarpenaren bidez; ikasleek haien ikastetxeetan egindako ikasketa-lanetan bereganatzen eta garatzen dituzten gaitasunak praktikara eramatea da kooperatiba hauen azken xedea
Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua Euskadiko Kooperatibei buruzko otsailaren 11ko 1/1982 Legeak sortu zuen, eta 1983ko urtarrilaren 28an eratu zen formalki. Kooperatiben, Eusko Jaurlaritzaren eta euskal unibertsitateen ordezkariek osatzen[10] dute.
Erakunde publiko bat da, eta euskal administrazio publikoei aholkua ematen die kooperatibismoarekin loturiko gai guztien inguruan. EAEko ordenamendu sozioekonomikoaren erregimen legal eta instituzionala hobetzeko laguntza ematen du. Euskal kooperatibetan sortzen diren auzi-gaietan esku hartzen du, arbitraje, bitartekotza edota adiskidetze-prozeduren bidez.
Elkar-Lan
Elkar-Lan Koop. E. irabazi asmorik gabeko bigarren graduko kooperatiba bat da. Euskal Kooperatiben Mugimenduak sortu zuen, kooperatiba-enpresak sustatzeko, eta, beraz, enplegu kooperatiboa eta garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko helburu bakarrarekin.
Bibliografia
Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazio saila, “Euskadiko Kooperatiben Legea” Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz 2011. ISBN: 978-84-457-3143-7
(Gaztelaniaz) Mikel Lezamiz, Patxi Ormazabal, Marcos de Castro, Javier Salaberria, Andrés Arizcorreta, José Antonio Garrido, Pablo J. Beltrán de Heredia, “El Movimiento Cooperativo” Minerva Ediciones S.L. Madrid 2008. ISBN: 978-84-88123-67-1
(Gaztelaniaz) Mikel Lezamiz, “Relato breve del cooperativismo”[11] Otalora. Aretxabaleta 1990. ISBN: 84-88125-06-2
Konfekoop, Erkide, "Kooperatiben Gobernu Onaren Kodea"[12] Konfekoop eta Erkide. Vitoria-Gasteiz 2011
(Gaztelaniaz) Bruno Roelants, Eum Hyungsil, Elisa Terrasi, “Cooperativas y empleo: un informe mundial” CICOPA. Bruselas 2014. ISBN: 978-2-930816-02-9
(Gaztelaniaz) Leyre Arrieta, Miren Barandiaran, Alazne Mujika, José Antonio Rodríguez Ranz, "El Movimiento Cooperativo en Euskadi 1884-1936" Sabino Arana Fundazioa. Bilbo 1998. ISBN: 84-88379-24-2
(Gaztelaniaz)Julia Itoiz. La otra experiencia – El libro que nadie quiso publicar a Jorge Oteiza. (Andoni Esparzaren biografia).[13]