Erregistro akashikoak, Teosofia eta Antroposofiaren arabera, arima bakoitzaren karma eta berraragitzeei buruzko informazioa metatzen den unibertsoko toki bat izango litzateke. Arimaren liburutegia gisa ere deskribatua izan da.[1]
Nolabait, erregistro horiek iraganean, orainean edo etorkizunean emango diren gertaera, pentsamendu, hitz, emozio eta asmo unibertsal guztiak (informazio unibertsala) biltzen dituzte. Erregistroetan entitate eta bizimodu guztien informazioa bilduko litzateke, ez soilik gizakiari dagokionez. Teosofoen ustez erregistro horiek existentzia ez-fisikoaren plano batean kodetuta daude, plano mentala bezala ezagutzen dena, alegia.
Kontzeptua sekten munduan eta sasizientzietan oso erabilia izan da.
Etimologia
Akasha hitzak sanskritoz (आकाश) zera esan nahi du: 'Eter', 'Espazio' edo 'Zeru zentzu mitologikoan'. Kintaesentzia edo soinu sakratu ere baderitzo.[2]
Elkarte Teosofikoa
Akasha hitz sanskritoa H. P. Blavatskyren (1831-1891) bitartez sartu zen teosofiaren hizkuntzan. Bere ustez, nolabaiteko bizi-indarra zen; giza pentsamenduaren eta ekintzaren iragana zein etorkizuna erregistratzen zuten, "argi astralaren taula suntsiezinak" ere aipatu zituen, baina ez zuen "akashiko" terminoa erabili. Erregistro akashiko baten nozioa Alfred Percy Sinnettek zabaldu zuen Budismo esoterikoa (1883) liburuan, Henry Steel Olcotten Katekismo budista bat (1881) lana aipatzen zuenean. Olcottek hauxe idatzi zuen: "Budak bi gauza betierekoak direla irakatsi zuen, hau da, "Akasha" eta "Nirvana": dena Akashatik atera da berari atxikitako mugimendu-lege bati men eginez, eta, gero, hil egin da. Ezerezetik ez da ezer ateratzen». Olcottek azaltzen duenez, gainera, «budismo primitiboak, orduan, argi eta garbi eusten zion erregistroak Akashan irauteari, eta gizakiak erregistro horiek irakurtzeko gaitasun potentzialari, benetako argiztapen indibidualaren egoeraraino eboluzionatzen zuenean».[3]
Rudolf Steiner
Rudolf Steiner austriar teosofoak, Antroposofia sortu zuenak, erregistro akashikoen kontzeptua erabili zuen batez ere Lucifer-Gnosis aldizkariaren artikulu batzuetan, 1904tik 1908ra bitartean. Bertan, Atlantida eta Lemuriari buruz idatzi zuen, ustezko historia eta zibilizazioari buruzko gaiak, alegia. Gainera, 1913an eta 1914an, Bosgarren Ebanjelioari buruz egindako hitzaldien izenburuan erabili zuen terminoa, Elkarte Antroposofikoa sortu eta gutxira, Steiner Adyarreko Elkarte Teosofikotik baztertu izan zenean justu.[4]
Erregistroen errealitatea
Erregistro akashikoei buruz kontakizun anekdotikoak besterik ez daude. Ez dago erregistro akashikoen existentziaren froga edo datu zientifikorik.
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak