Italiako hegoaldean, Bizantziar Inperioaren parte izanik, hango arkitektura nagusitu zen. Iparraldean, berriz, lombardiar arkitektura garatu zen VI. mendetikXI. mendera bitarte. Estilo horretako arkitekturako testigantza gutxi iritsi dira gaurdaino, VII. eta VIII. mendeetatik aurrera eraikin gehienak beste estilo batzuetan berreraiki behar izan baitira.
IX. mendeko Kroazian, botere politikoak indartzearekin batera, arkitektura garatu zen, frankoen eta bizantziarren estiloetan oinarrituta batez ere. Emeki, kanpoko eragin horietatik forma originalak sortu ziren batez ere kostaldean eta uharteetan altxatu ziren eliza ugaritan.
Bretainia Handian, anglo-saxoiek beren arkitektura garatu zuten. Eskuarki eraikin txiki eta sinpleak ziren, gehienetan egurrezkoak, guregana harrizko eliza batzuk iritsi badira ere. Haietan, eragin zeltak sumatzen dira lehenengo urteetan, gero paleokristauen basilikenak, eta, aro honetako azken urteetan, kontinentetik eramandako erromanikoaren lehen zantzuak.
ErromanikoaEuropako estilo arkitektoniko nagusia izan zen XI. eta XII. mendeetan. Erromako Inperioaren garaiez geroztik, lehendabiziko aldia zen arte estilo bat Europa osora zabaltzen zela. Izan ere, erromanikoko testigantzak kontinente osoan zehar aurki daitezke.
“Erromaniko” terminoa ez zen garai hartakoa. Geroago asmatu zuten, erromatar arkitekturarekin antza handia izateagatik, batez ere erabiltzen diren materialengatik eta formengatik. Erromanikoan, ohikoa da arku biribilak erabiltzea, baita kanoi-ganga eta gurutze formako pilareak ere.
Arkitektura gotikoko elementuak XI. eta XII. mendeetan agertu ziren, batik bat Paris inguruan altxatzen ziren eraikinetan. Batera Saint Denisko abadiako elizan ageri ziren lehendabiziko aldiz, gotiko bete-betea den estilo bereizian.
Gotikoan bertikaltasuna azpimarratzen da. Katedralak inoiz baino altuagoak dira, euskarriek pisua jasateko manera izugarri hobetzen baita. Izan ere, hutsarteak ugaritzen eta handitzen dira hormetan, eta, horri esker, pisua arindu egiten da. Gainera, arbotanteak eta arku zorrotzak ere badaude, pisua jasaten laguntzeko.